Astebururako abisu horia ezarri dute elurragatik, izotzagatik eta tenperatura baxuengatik

Elur kota 0-200 metro artean izango da bihar, bai eta igande goizaldean eta igande gauean ere.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak abisu horia sartu zuen indarrean gaurko, tenperatura baxuengatik eta izotzagatik. Hala, Euskalmetek iragarri duenez, baliteke gaur kostaldeko hainbat lekutan "izotz txikia" egitea eguneko azkeneko orduetan, batez ere, Gipuzkoan.

Bihar, larunbata, indarrean jarraituko du izotzagatik eta tenperatura baxuengatik ezarritako abisu horiak, 00:00etatik 24:00etara. Dena den, elurragatik jarritako abisu horia ere gehitu behar zaio horri: 06:00etatik 24:00etara ezarri dute abixua eta, Ingurumen Sailaren arabera, 0-200 metro artean kokatuko da elur kota.

Lodierari dagokionez, 1.000 metroko nahiz 600 metroko altueretan 0-15 zentimetro artekoa izango dela aurreikusi dute, eta 0-5 zentimetro artekoa 200 metroko altueran.

Iganderako antzeko iragarpenak egin ditu Ingurumen Sailak: martxan izango dira abisu horiak izotzagatik, tenperatura baxuengatik zein elurragatik, 00:00etatik 24:00etara, kasu horretan. Igandean, antza, 200 metro inguruan izango da elur kota goizaldean, baina 300-500 metrora igoko da eguerdian. Gauean berriro egingo du behera kotak, 200 metrora, goizaldean bezala. Elurraren lodiera, ordea, larunbatekoa baino txikiagoa izango da igandean: 0-6 zentimetro artekoa 1.000 metroko eta 600 metroko altueretan, eta 0-2 zentimetro artekoa 200 metroko altueran.