1,7 milioi bisitatik gora izan ditu Baleike.eus-ek 2020an

Baleike 2021ko urt. 6a, 12:42

2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 1.785.580 bisita izan ditu Baleike.eus-ek Google Analytics neurgailuaren arabera, eguneko 4.892 bisita inguru. 2019ko datuekin alderatuta, %37,32 igo da bisita kopurua –orduan 1.300.227 bisita izan zituen Zumaiako atariak–. Baleike.eus-ek oran arte izan duen daturik onena da. 

Ez da urte erraza izan atzean utzitako 2020a. Izan ere, koronabirusaren pandemiak bete-betean jo du Zumaia ere, eta horren lekuko izan da Baleike.eus ataria. Egoerak erabat baldintzatu du Baleikeren jarduna ere, baina informazio jarioak ez du etenik izan urte osoan, eta tokiko informazioaren garrantzia agerian gelditu da beste behin. Horren erakusle dira 2020an Baleike.eus-ek izan dituen datuak.

Azken ia urtebetean koronabirusak hartu du informazio edukien erdigunea, eta birus horrek markatu du agenda ere. Dena den, bestelako eduki ugari sortu zuen Baleikek iaz, eta herritarren erantzuna ezin hobea izan da. Hain zuzen ere, gora egin dute Baleike.eus-eko datu guztiek, hala nola bisitek, bisitatutako orrialde kopuruek, sortutako edukiek nahiz erabiltzaileen zenbatekoek. Baleikek joan zen abenduaren 31n argitaratu zuen urteko hamar albiste irakurrienen zerrenda.

2019an ere datu oso onak izan zituen Baleike.eus-ek, baina aise gainditu ditu zifra horiek 2020an: 2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 1.785.580 bisita izan ditu webguneak, Google Analytics neurgailuaren arabera; 2019 guztian, berriz, 1.300.227 bisita. Horrek esan nahi duena da azken urtebetean %37,32 hazi dela bisiten kopurua. Herritarrek Baleike.eus-en zabaldutako orrien kopuruak ere nabarmen egin du gora: 2019an 2.972.931 orri eta 4.359.272 orri 2020an.

Beste datu batzuk

Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten hedabideen datuak ere ez dira makalak. Taldearen webguneetan hainbat eta hainbat erabiltzaile sartu ziren 2020an: orotara, taldea osatzen duten sei webguneek –Karkara, Baleike, Zarauzko Hitza, Urola Kostako Hitza, Maxixatzen eta Uztarria– 9.239.730 bisita izan zituzten iaz.