Eragile berri baten aurkezpen gutuna

Baleike 2021ko urt. 4a, 12:57

Kontseilu Sozialista Urola Kosta sortu dute, eta aurkezpen gutun hau zabaldu.

Kontseilu Sozialista Urola Kosta eragile sortu berriaren aurkezpen gutuna:

"Garai gordinak bizi ditugu; ez da sekretua. Pandemiak are nabarmenago atera du azalera zein den langile klaseak, sistema kapitalistan, parez pare duen ekintza bakarra: gero eta bizi baldintza ziurgabe eta latzagoak, ukaezinak ziruditen eskubide eta askatasunen lausotzea nahiz ezabatze zuzena, kontrolaren eta diziplinamenduaren areagotzea... Atzera bueltarik ez duen prozesu batean murgildu gara: pobrezia orokortuaren hedatzea errealitate bat da jada, bai eta askatasun eza ere; estuagotzen ari dira gure sumisio orokorra betikotzeko burgesiak egindako esku hartzeak.

Garai goibelak bizi ditugu, baina bada hedatzen ari den miseria orokortuari eta askatasun ezari inoiz baino irmoago erantzuteko unea ere. Irmo, eta antolakuntza propioa oinarri; garaiaren gogortasunak beti bezain argi erakusten baitu langileria dela haren beharrak defendatu eta bermatu ditzakeen bakarra.

Garai ilunak bizi ditugu eta, horregatik, ilusioz bizi dugu Urola Kostan ere Mugimendu Sozialistak bide egin izana. Horren erakusle dira aurten loratu diren zenbait adierazpen politiko, esaterako, Urola Kostako Gazte Koordinadora Sozialista nahiz Urola Kostako Ikasle Abertzaleak; hurrenez hurren, gazte problematikan eta hezkuntza esparruan lan egiteko ekin diotenak bideari eskualdean.

Garaiaren laztasunak, ordea, ezinbesteko zeregin bilakatu du beste arlo batzuetan ere langileon auto-antolaketarako lanabesak martxan jartzea eta, hain zuzen, bide horretan beste pauso bat izan da Kontseilu Sozialista Urola Kostaren sorrera. Belaunaldien arteko elkarlanaren bidez, uneko hainbat beharrizani erantzuten saiatzeko lan lerroak abiatzea izango da Kontseilu Sozialista Urola Kostaren zeregina, aurrera begirako ipar argi batekin, gainera: antolakuntza komunistarako oinarriak jartzea.

Erronka eta helburu handiak, baina testuinguruaren premia bera bezainbeste. Eskualdean zeregin horiei helduko die Kontseilu Sozialista Urola Kostak; umiltasunez, zintzotasunez, baina baita anbizioz ere. Miseriaren eta basakeria kapitalistaren aurrean, antolakuntza komunista!".