Orduan bai

Zumaia erabat euskalduna, orain dela berrehun urte

Imanol Azkue 2021ko urt. 2a, 09:16

Euskaraldian murgilduta egon gara Zumaian eta Euskararen Eguna ospatu genuen abenduaren 3an. Euskara bultzatu, indartu, biziberritu… nahi dugu, eta horretara bideratzen ditugu gure ahaleginetako asko, erdarek ito ez gaitzaten eta bizirik iraungo badugu. Duela ez hainbeste, ordea, egoera oso bestelakoa zen: euskara zen jaun eta jabe Zumaian, eta horren adibide, 1817ko dokumentu bat ekarriko dugu hona, eta Jose Antonio Aldabalde-Treku ezagutzeko parada izango dugu. Imanol Azkuek abenduko Baleike aldizkariko 'Orduan bai' atalerako idatzitako erreportajea duzue honakoa.

XIX. mendearen hasieran, Zumaiako Parrokiako benefiziatuetako bat, Jose Antonio Aldabalde-Treku Ostolaza (Urdaneta, Aia, 1782-1854), ezin esan apaiz eredugarria izan zenik, Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboan dauden agiriei begiratuz gero, behintzat. Izan ere, zenbait prozesu judizialetako protagonista nagusia izan zen eta horiek erakusten dute nolako bizimodu zalapartatsua eta bizia eraman zuen: 1808an, Artadiko errektoretza eman zioten, baina auzokoak kexu ziren, zerbitzua ez zuelako behar bezala ematen, eta eskatzen zuten kentzeko eta Askizu auzoko erretoreari emateko ardura; 1809an, Aldabalde-Trekuk Bizente Oliden bikarioaren kontra jo zuen, berriz ere lehengo ohitura ezartzeko (hau da, kabildoaren agintean txandaka aritzea apaizak), botere handiagoa eskuratu nahian; 1809an Zumaiako herriak Jose Antonio Aldabalde-Trekuren kontra egin zuen, mezetan zeukan jokabidearengatik, agintariak ez zeudelako ados nola ematen zituen muin emateko estola eta eskua elizkizunetan; 1816an, aurreko auzi bateko gastuak zirela eta, Aldabalde-Trekuri ondasunak enbargatzeko eskatu zuen Zumaiako Udalak; 1817an, Aldabalde-Trekuk sakristau-organistaren aurka egin zuen, ustez mozkortuta ibiltzen zelako, baina gero deklarazioetan lekukoek adierazi zutenez, juxtu kontrakoa gertatzen zen, jokoan eta edanean apaiza bera ibiltzen zen; 1817an, beste lagun batzuekin batera, Aldabalde-Trekuk barku bat erosi zuen eta hura handitzeko asmotan konpontzen hasi ziren, baina lanen ardura bere gain hartuta, gero ez zien erakutsi nahi izan diru konturik bazkideei… Dokumentuak aztertuta, badirudi haren jokabidea ez zela, inola ere, apaiz batengandik espero zitekeena: Espainia eta Frantziaren arteko gerra garaian (1808-1814), zibilen arropak jantzita, Gasteizera joan zen garia erostera, gero Zumaiara ekarri eta saltzeko; Baionara joan eta itsasontziekin negozioetan ibili zen; herritar ugarirekin eta agintariekin liskarrak izan zituen, mehatxuka ibili zen, eta batzuk jo ere egin zituen bastoiarekin; mezarik ez zuen ematen zegokion egun batzuetan…

Hain zuzen ere, horietako auzi batengatik, 1817an zigortu egin zuten Aldabalde-Treku eta Iruñeko seminariora joanarazi zuten denboraldi baterako. Hiru hilabete zeramatzan han, eta Zumaian, apaiz bat gutxiagorekin, gaizki moldatzen ari ziren; egoeraren larritasunak bultzatuta, Zumaiako alkateak gutuna idatzi zion Iruñeko bikario orokorrari. Karta hura, ordea, Zumaiako Udal Artxiboan dago, hau da, idatzi zen tokian, eta ez Iruñean, iritsi behar zuen lekuan, eta, beraz, azkenean ez zuten bidali. Hala ere, nahikoa landua dago, zirriborro hutsa baino gehiago da, eta herriko egoera eta arazoa xehetasun guztiekin azaltzen duenez, oso baliagarria zaigu. Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboan bila arituta, ez dugu aurkitu gutun horren edo antzekoen arrastorik edo kopiarik. Gutunean, hasteko, alkateak adierazten dio bikario orokorrari zenbateko zailtasunei egiten ari zaien aurre: “no puedo menos de hacerle presente en desempeño de mi obligación el total abandono en que se halla este pueblo deboto [sic.] y cristiano por falta de Ministro que dispense los sacramentos”, eta zehatzago azaltzen dio gabezia: 

“Componiéndose el cavildo [sic.] eclesiástico de esta villa de un Cura Párroco y de otro beneficiado con cargo de teniente cura, resulta que en ausencia de este ha quedado para atender el alimento espiritual de toda la feligresía solo el primero; mas sucede que su avanzada edad de más de 68 años y achaques habituales no le permiten hacer quanto su celo pastoral le inspira en beneficio de sus ovejas”. 


Gutunaren zirriborroaren lehen orria.

Herrian egon bazegoen beste apaiz bat San Jose komentuan, mojaxarrenean, baina hark ez zion balio alkateari: “y aunque pudiere también auxiliarle el Vicario de Monjas de esta villa, no puede ver tampoco cumplidos sus buenos deseos, por no poseer el idioma vascongado, que comúnmente se habla en todo mi vecindario”. Beraz, mojetako apaizak balio zien komentuko mojei, haiek klausuran gaztelaniaz bizi zirelako (nahiz eta moja asko euskaldun hutsak izan sartu zirenean eta komentuan bertan ikasi gaztelaniaz), baina handik kanpo, herritarrei begira, alferrik zen apaiz erdalduna Zumaian, herritarrek euskaraz baino ez zekitelako, eta gaztelaniaz ez. Tellechea Idigorasek Zumaya hace doscientos años liburuan azaltzen duenez, 1802an Zumaiak 1.000 biztanle pasatxo zeuzkan: 464 herrigunean, 86 Artadin, 228 Oikian eta 278 Aizarnazabalen. 


1817ko Zumaia honen nahikoa antzekoa izango zen planoan (Luis Martínez Kleiserren 'La Villa Villagrana de Zumaya'-tik hartua).


Alkateak ez zuen nahi Iruñeko bikarioak arazoa konpontzea; aitzitik, batez ere idazten zion konponbidea ere pentsatuta zeukala adierazteko eta hark baimena emateko: “(…) y desde luego he decretado proveer la Iglesia de otro ministro que haga las veces de Beneficiado y teniente cura; y al efecto he pedido al Padre Prior del Convento de Carmelitas Descalzas de Lazcano, me envíe un religioso bascongado, a que ha condescendido”. Alegia, alkateak apaiz euskalduna eskatu zien Lazkaoko karmelitei, eta haiek baietz erantzun. Ez dakigu, ordea, azkenean iritsi zen erlijioso euskaldun hura Lazkaotik, ezta auzia nola konpondu zen ere. Seguru dakiguna da 1820an gure apaiza, Aldabalde-Treku, berriz ere Zumaian zela; izan ere, garai hartako beste auzi batean ere protagonista izan zen: kalean zihoala, alkatearekin gurutzatu zen; alkateak agurtu egin zuen, baina apaizak ez zion bueltatu agurrik; alkateak kargu hartu zionean, apaizak eskatu omen zion bakean uzteko eta makila altxatu, mehatxari; lekukoen arabera, esan omen zion: “que si le incomoda mucho le romperá la mitad de la cara”.

Jose Antonio Aldabalde-Trekuren prozesuetako dokumentazio guzti-guztia gaztelania hutsean dago Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboan, baita Aldabalde-Trekuk aurkeztu zituen alegazio ugariak ere; baina Urdanetako (Aia) semea izanik eta batez ere Zumaiako alkateak dioena aintzat harturik, badakigu seguru Aldabalde-Treku ere euskalduna zela, eta are gehiago, euskaraz bizi zela zumaiarrekin, euskaraz egiten zituela bere apaiz lanak (egiten zituenean), hori inon ere aipatzen ez bada ere eta inon jasota ez badago ere. Zumaian euskaraz egitea hain zen arrunta eta normala orduan, hain zen beharrezkoa, ez zen propio inon adierazten denek zekitelako hori, eta euskararen nagusitasuna ezagutu dugu bidali gabeko gutun bati esker.