'Beste bat' zikloko bost emanaldi izango dira Zumaian datozen asteetan

Maria Maya Manterola 2020ko abe. 29a, 10:40

Kulturari eta musikariei bultzada emateko sortu du 'Beste bat' egitasmoa Eusko Jaurlaritzak. Zumaian bost saio izango dira; bihar lehenengoa. Flamenkoa eta bertsolaritza uztartzen dituen ikuskizuna eskainiko dute La Pulgak eta Miren Amurizak. Sarrerak salgai daude, Turismo Bulegoan.

Musika mundua erabat astindu du pandemiak. Krisialdiagatik mila eta bat kontzertu eta emanaldi bertan behera geratu dira, eta ogibidea nondik atera jakin ezinik geratu dira milaka lagun; ez artistak eta musikariak bakarrik, baita soinu teknikariak, argiztapenekoak edo aretoetako arduradunak. Egoera zertxobait konpondu nahian, Beste bat izeneko egitasmoa sortu du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak. Programa horretako bost emanaldi izango dira Zumaian datozen asteetan.

“Jaurlaritzak diru bat jarri du musika sektorea laguntzeko, eta programa hau da horren emaitza”, dio Joxe Mari Azkue Zumaiako Musika Bandako zuzendariak, eta Udaleko zinegotziak. Musika Bulegoaren bidez kudeatuko du Jaurlaritzak programa hau. Musika Bulegoak musikarien eta taldeen zerrenda bat argitaratu zuen, eta Zumaiara ekarriko dituzten artistak hortik aukeratu ditu Udaleko Kultura Sailak. “Gero, eskatzeko aukera izan dugu zerrendan agertu ez eta ekarri nahi izan dugun emanaldiren bat”, argitu du Azkuek. 

Jazza, musika klasikoa, dantza edo pop rockeko emanaldiak izango dira Zumaian abenduaren 30etik otsailaren 18ra bitartean. “Udako Musika Jaialdiaren antzeko ziklo bat izango da, baina negura eramanda”, dio Azkuek. Emanaldi hauek ezin dira asteburuetan izan –hortik dator “Beste bat” izena–, eta sarrerarekin izan beharko dute.

Jaurlaritza arduratuko da aurrekontuaren zati batez, Musika Bulegoaren bitartez, eta geratzen dena Udalak hartuko du bere gain. “Udalaren aurrekontuan ez zegoen partidarik emanaldi hauek antolatzeko, baina Jaurlaritzaren laguntzarekin aukera hori zabaldu da”.

Koronabirusak eragindako osasun krisialdiak musika mundua bakarrik ez, udal askoren kultur egitarauak ere kolpatu dituela gogoratu du zinegotziak. Pandemia garai honetan Zumaiako Udaleko kultur egitaraua mantendu izana azpimarratu du zinegotziak. “Konfinamendua amaitu ondoren, gure lehen asmoa izan zen kultur agenda ahal zen moduan mantentzea. Hala egin ziren udako ekitaldiak, abuztuko Musika Jaialdia, etab. Baina Zumaiatik kanpo oso leku gutxitan egin dira musika emanaldiak: Donostian ekitaldi asko bertan behera geratu ziren; Orion eta Zarautzen ere bai... Emanaldi hauei esker egitarau oparoak ari dira prestatzen udal askotan”.

Azkue, baina, kritiko agertu da pandemia garaian Jaurlaritzak kultur arloan egindako lanarekin. “Iruditzen zait orain arte egin duen guztia ez dela izan kultura babesteko, kulturaren arlo ekonomikoa babesteko baizik. Hor soinu edo argi teknikariak ahaztu ditu, adibidez. Programa honekin badirudi alde hori ere pixka bat lagunduko duela. Zer geratzen den? Bada, hortik kanpo dauden jarduera musikalak bultzatzea: abesbatzak, musika bandak, txistulari bandak, profesionalak ez diren rock taldeak...”.  

Egitaraua

Abenduak 30, asteazkena
Gorria. Miren Amuriza eta La Pulga. 19:00etan, Aita Marin.

Urtarrilak 7, osteguna
Laboa Jazz. 19:00etan, Aita Marin.

Urtarrilak 22, ostirala
Liher. 19:00etan, Zumaienan.

Otsailak 4, osteguna
Gauekoak. Kukai dantza. 19:00etan, Aita Marin.

Otsailak 18, osteguna
Urolatik barrena. Urval Ensemble, Gorka Hermosa eta Jon Maia. 19:00etan, Aita Marin.