Positibo berririk ez dute atzeman herrian azken lau egunetan

Nerea Uranga 2020ko abe. 28a, 14:11

Abenduaren 23tik gaur arte herriz herriko daturik eman gabe zegoen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila, eta Zumaira albiste baikorra iritsi da, ez baita egon kasu berririk azken egunetan. Eskualdean 43 kasu positibo atzeman dituzte, ordea.

Abenduaren 23tik gaur arte ez du herriz herriko datuen berririk eman Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Gaur argitaratutako datuen arabera, azken lau egunetan (abenduaren 24tik 27ra artean) 43 kasu positibo atzeman dituzte Urola Kosta eskualdean, baina bakar bat ere ez Zumaian. Zarautzen hamar kasu atzeman dituzte azken lau egunetan; azken hiru egunetan, hiruna. Aizarnazabalen, berriz, bost kasu izan dira eta Aian lau. Abenduaren 24an kasu bana atzeman zituzten Errezilen eta Zestoan, baina atzo arteko beste egunetan ez zuten kasurik izan bi udalerri horietan. Orion ere kasu bakarra izan da egunotan, herenegun.

Getarian eta Beizaman ere ez dute kasurik atzeman azken lau egunetan.

Azpeitian atzeman dituzte kasu gehienak lau egunetan: hogei. Kasu horien erdiak, hamar, abenduaren 24an hauteman zituzten; abenduaren 25ean hiru kasu izan ziren, 26an bost eta atzo bi. Azkoitia, aldiz, eremu gorritik laranjara igaro da; azken lau egunetan kasu bakarra atzeman dute han, atzo hain justu.

5.751 test diagnostiko egin zituzten atzo, igandea, Hego Euskal Herrian, eta 358 kasu positibo atzeman zituzten: Araban 49, Bizkaian 151, Gipuzkoan 94 eta Nafarroan 60. Positibotasun tasak, berriz, %6tik gorakoa izaten jarraitzen du.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID-19aren eraginez 31 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta 83 gaixo daude ZIUetan.