Amaia Aldalurrek zuzentzen duen Hernaniko abesbatzak irabazi du gazte abesbatzen Gabon kanta lehiaketa

Juan Luis Romatet 2020ko abe. 27a, 18:12

Gabon Sustraiak haur eta gazte abesbatzen Gabon Kanta lehiaketa irabazi du Hernani musika eskola publikoko abesbatzak. Amaia Aldalur zumaiarra da koro horretako zuzendaria. 

Errenteriako Ereintza elkarteak eta Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak antolatzen dute lehiaketa hau, eta aurten bere 74. edizioa bete du. Gabon kanta zaharrak berreskuratzea du helburu, eta denok gogoan ditugun osasun neurriak direla medio, sariketa aurten online egin behar izan dute. 

Belengo herrian izeneko abestiarekin parte hartu du Aldalurrek zuzentzen duen abesbatzak. Joxe Ansorena txistulariak 1978an jasotako gabon kanta zahar eta bitxi hau, XIX. mendean, Hernaniko elizan Eguberri, Urteberri eta Errege egunetan abesten zen, eta txaloekin laguntzen zen. Musika eskola honetako zuzendari Joxan Goikoetxeak egokitu, moldatu eta grabatu du abestia.