Antzerako positibo kopurua izan da Hego Euskal Herrian, bezperan baino proba gehiago eginda

Juan Luis Romatet 2020ko abe. 27a, 13:07

Bezperan baino hamahiru kasu gutxiago zenbatu zituzten atzo Hego Euskal Herrian. Herenegun baino proba gehiago egin zituzten. Beraz, positibotasun tasa jaitsi egin da.

Koronabirusa gidari duen eguneroko goitibehera honetan, behera egin zuten atzo positiboen datuek Hego Euskal Herrian. 298 kasu baieztatu zituzten atzo Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun sailek. Bezperan baino hamahiru kasu gutxiago dira; azpimarratu behar da, baita ere, herenegun baino PCR eta antigenoen proba gehiago egin zituztela (5.556 atzo,  4.858 herenegun), eta horrek izan du eragina positibotasun tasan. Herenegun %6,4ko positibotasun tasa izan zen; atzo %5,6koa.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, 226 positibo izan ziren atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bizkaian izan ziren kasu positibo gehien –111–, Gipuzkoan 71 –bezperan baino zortzi gehiago–, eta Araban 40. 23 lagun ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzako erietxeetan, eta 86 lagun zeuden atzo ZIUn, bezperan baino bi gehiago.

Nafarroan, berriz, 72 kasu zenbatu zituzten atzo, bezperan baino 11 gutxiago. Nafarroako Gobernuak ez du ospitaleratuen daturik eman. 

Txertaketa martxan

COVID-19aren aurkako txertatze kanpaina hasi da dagoeneko Hego Euskal Herrian. Gaur jaso dituzte lehen dosiak, eta hasiera honetan egoitzetako egoiliarrei eta bertako langileei emango diete.