514 positibo izan ziren atzo Hego Euskal Herrian

Juan Luis Romatet 2020ko abe. 25a, 12:54

Zertxobait jaitsi da positiboen kopurua Hego Euskal Herrian: beste 514 kasu eman ziren atzo, bezperan baino 37 gutxiago.

Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun sailek eman dituzte atzo izandako kasu positiboen berri. Lau lurraldetako datuak batuta, 514 positibo detektatu zituzten ostegunean. Herenegun izandako datuekin alderatuta jaitsiera bat soma daiteke, baina hala ere datu kezkagarriak izaten jarraitzen dute.

Osakidetzak emandako datuen arabera, 7.217 proba egin zituzten atzo, eta 410ek eman zuten positibo. %5,7ko positibotasun tasa adierazten du horrek. Bizkaian eman ziren atzo kasu gehien, 218 guztira; Gipuzkoan 124 kasu izan ziren, Araban 63, eta beste erkidegoetan bizi direnen bost kasu ere izan ziren atzo.

COVID-19aren ondorioz, 39 lagun ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzako erietxeetan. Zaintza Intentsiboko Unitateetan, berriz, 89 pertsona zeuden atzoko datuen arabera.

Osakidetzak ez du herrietako daturik eman. Astelehenean emango dituzte datu horiek. 

Nafarroan, berriz, beste 104 kasu atzeman zituzten atzo egindako 1.948 PCR eta antigenoen probetan. Positibotasun tasa %5,3koa izan zen atzo. 

Aurreko egunarekin alderatuta jaitsiera izan da, bezperan 124 kasu izan zirelako. Hala ere, igoera nabarmena izan da Nafarroan aste hasierako datuekin alderatuta: 57 kasu izan ziren aurreko igandean, eta 79 astelehenean.