Positiborik ez atzo Zumaian

Julene Frantzesena 2020ko abe. 22a, 13:25

Osakidetzak emandako datuen arabera, Zarautzen bi kasu eta Zestoan bat atzeman zituzten atzo (Zumaian ez zen atzo kasurik atzeman). Azpeitia da hamalau eguneko intzidentzia tasa 500dik gora duen eskualdeko herri bakarra, baina han ere zertxobait behera egin du zenbateko horrek. Hego Euskal Herrian behera egin du positiboen kopuruak: atzo proba gauzatu zuten herritarren %4,1ek eman zuten positibo.

COVID-19aren pandemiaren harira, Osakidetza herrikako datuak ematen hasi zenetik positibo kopuru baxuena zenbatu zuten eguna izan zen atzokoa. Izan ere, hiru positibo besterik ez zituen zenbatu atzokoan Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eskualdean egindako PCR eta antigeno probetan. Dena den, erakundeak ez du jakinarazten herriz herri zenbat proba gauzatzen dituen, eta beraz, ez dago baieztatzerik atzokoa salbuespena izan zen edo joera baten hasiera den.

Hiru positibo horiek Zarautzen eta Zestoan detektatu zituen atzo Osakidetzak; bi positibo eta bat, hurrenez hurren. Gainerako herrietan ez dute kasurik zenbatu, baina hala ere, hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak altuak dira hainbat herritan, hala nola Azpeitian (750,58). Herri horretan ostalaritza gune guztiak itxita daude joan zen abenduaren 15az geroztik; izan ere, intzidentzia tasak 500eko langa gainditu zuen egun horietan, eta harrezkero izan den positibo kopuruarekin, ez da askorik jaitsi tasa.

Azkoitian ere 500eko mugara gerturatuta dabil positibotasun tasa, baina oraindik ere semaforo laranjan da herria, 417,05ean baitago zenbateko hori. Zarautzen ere laranja kolorekoa da intzidentzia tasa –Osasun Sailak kolorezka banatzen ditu herrietako tasak–; hain zuzen ere, 304,71 da hango hamalau eguneko positiboen intzidentzia. Eskualdeko gainerako herrietan positibo kopuru txikiagoa izan da azken asteetan, eta beraz, intzidentzia tasa txikiagoa da.

Hego Euskal Herriko tasa beheraka

Hego Euskal Herrian jaitsiera txiki bat izan du positiboen kopuruak: Osakidetzak eta Osasunbideak atzo gauzatutako PCR eta antigeno probetan 386 positibo atzeman zituzten, herenegun baino 11 gutxiago. Nafarroan 1.665 egin eta 79 positibo zenbatu zituzten, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan proba egin zuten 7.660 lagunetatik 307k eman zuten positibo –Araban 61ek, Bizkaian 141ek, Gipuzkoan 103k eta bizilekua hiru lurralde horietatik kanpo duten beste bik–. Beraz, Hego Euskal Herrian atzo proba egin zuten 9.325 lagunetatik %4,1ek eman zuten positibo.