Positibotasun tasaren ehunekoak tankeran jarraitzen du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Nerea Uranga 2020ko abe. 20a, 13:59

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 300 positibo zenbatu zituen atzo Osakidetzak, herenegun baino 123 gutxiago. PCR eta antigeno probak ere, herenegun baino 2.804 gutxiago egin zituzten atzo hiru lurralde horietan. Positibotasun tasaren ehunekoak 3an jarraitzen du. Nafarroan, berriz, 72 kasu atzeman zituen atzo Osasunbideak. Osakidetzak ez du herriz herriko daturik ematen asteburuetan.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak egunero argitaratzen duen koronabirusaren datuen txostenaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo 300 kasu zenbatu zituzten, eta herenegun 423 izan ziren atzemandako positiboak. Kasu positiboen kopuruak behera egin duen arren, positibotasun tasaren ehunekoa 3koa izaten jarraitzen du. Guztira, Osakidetzak  10.102 PCR eta antigeno proba egin zituen atzo, herenegun baino 2.804 proba gutxiago. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herenegun 3,3koa izan zen positiboen ehunekoa; 3koa zen atzo. Ondorioz, herenegundik atzora pixka bat jaitsi da tasa hori.

Lurraldearen arabera, Bizkaian atzeman zituzten atzo kasu gehien: 126. Gipuzkoan, berriz, 126 herritarrek eman zuten positibo, eta Araban, 60k. Bizitokia lurralde horietatik kanpo duten beste bi lagunek ere eman zuten positibo atzo egindako probetan. Jaurlaritzaren Osasun Sailak herriz herriko datuak ez ditu jakinarazten asteburuetan, beraz, bihar arte itxaron beharko da datu horiek jakiteko.

Ospitaleen egoerari dagokionez, Osasun Sailak argitaratutako datuen arabera, atzo 26 pertsona ospitaleratu zituen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan COVID-19aren ondorioz. Zainketa Intentsiboen Unitatean, berriz, 98 pertsona daude, herenegun baino bi gutxiago.

Nafarroako Gobernuko Osasunbideak azaldutako datuen arabera, berriz, Nafarroan 72 kasu atzeman zituzten atzo. 1.808 proba egin zituzten atzo lurralde horretan.