Orduan bai

Etsamina

Imanol Azkue Ibarbia 2020ko abe. 20a, 09:00
Arrangoletako eskolako mutilak “Don Krispin” irakaslearekin (argazkia: Zumaiako Udalak utzia).

Etsamina: norbaiti zerbaitetarako gauza den edo gai batez zenbat dakien ikusteko egiten zaion proba multzoa. Denok egin ditugu noizbait, arrakasta handiagoarekin edo txikiagoarekin, eta nerbioak adina poz edo disgustu izango genituen, emaitzaren arabera. 

Gehienok aspaldi egingo genuen azkena, baina gure inguruko haurrei edo gaztetxoei begiratuta, badakigu gutxi gorabehera nolako azterketak egiten dituzten. Baina nolakoak ziren duela 150-200 urtekoak? Zer eskatzen zieten ikasleei?

1866an

Uda da, uztailaren amaiera. Haurrek amaitu dituzte klaseak, eta ohi bezala udal agintariek (zinegotziek) egiaztatu nahi dute zenbateraino aurreratu duten ikasleek aurtengoan. Aurreko urteetako azterketei begiratuta, nahikoa beldur dira, ez baitaukate eskarmentu onik, ezta herritar gehienek ere, itxuraz: “[maisuaz] hallándose ya disgustados el vecindario de su mal proceder y visto el poco adelanto que tienen sus discípulos que dimana de la poca instrucción del profesor”[1] eta “[maistraz] se ponga en conocimiento de la Junta cómo fueron expulsadas de su escuela las niñas de dos concejales, a las que correspondía por su edad el reglamento para la admisión en su escuela y de consiguiente viendo la repugnancia de ellas para asistir a la escuela de la referida maestra Doña Ángela y lo poco que adelantan”[2]. Duela gutxi (1857an) onartu da Moyano legea Madrilen, eta eskumen handiagoa eman die udalei segimendu estuagoa egiteko herriko hezkuntzari eta derrigorrezko hezkuntza agindu du 6-9 arteko umeentzat, neskak barne. Herriaren (Udalaren) ardura da haurrek behar bezala ikasten dutela ziurtatzea, eta ez irakaslearena edo gurasoena.

Zumaian bi eskola daude, bata mutilena, bestea neskena. Ez dira gaur egun ezagutzen ditugunak bezalakoak, aparteko eraikinetan, baizik eta etxe partikularretan daude, eta maisuak eta maistrak urtero kexa ugari adierazten dizkiote Udalari, bizi duten egoera kaskarra dela medio: gela txikiak eta desegokiak irakaskuntzarako, ume asko eta elkarren gainean, neguan hotz handia eta udan bero, soldata kaskarra eta ume batzuek ordaintzen ez, haur batzuk parbuloen eskola partikularretara joaten dira beren eskolara joan beharrean… Udalak denak entzuten ditu, baina oraingoz ez dauka ezer hoberik eskaintzeko, ezin du gauza handirik egin. Mutilak guztira 85-90 inguru dira eta Pedro Galdeano dute irakasle, 1862tik; neskak, berriz, 65-70 inguru, eta Vicenta Parodi da maistra, 1865etik. Eskola horiez aparte, ume txikienentzat badaude eskola partikularrak, adibidez, Joaquina Etxeberriarena.

Egun batzuk lehenago, zinegotziek udal plenoan erabaki dute haurrak noiz eta nola aztertuko dituzten, eta abisua helarazi diete maisuari eta maistrari: “Se acordó también que los exámenes se celebren el viernes y sábado próximos continuando seguidamente con los de las niñas, poniendo al efecto en conocimiento de los profesores el presente acuerdo”[3].

Mutilak

1866ko abuztuaren 3an, goizeko 9etan, “Junta local de instrucción pública” osatzen dutenak elkartu dira, hau da: Sebastian Gartxotenea (alkatea eta batzordeburua), Joaquin Uriarte, Jose Mª Rezusta, Eusebio Gurrutxaga eta Francisco Etxaniz zinegotziak eta Pedro Etxaniz idazkaria. Udaletxeko bilera gelan, aurretik sartu da irakaslea bere ikasle guztiekin (67), eta herritarren bat ere joan da, izenik ez badago ere, aurretik horretarako aukera eman dietelako: “fijados los anuncios de costumbre, a fin de que pudieran presenciar este acto los vecinos que tubieren [sic.] por conveniente”[4].

Hasteko, zortzi urteko mutil batek diskurtsoa egin du “en un sentido alegórico en el cual manifestó lo importante que es la educación primaria en la juventud para la prosperidad de los pueblos, como cimiento verdadero de nuestra religión para conseguir algún día nuestra felicidad, la dicha y el consuelo de los padres”. Gero, irakasleak urtean zehar izandako hutsegiteak (edo “piperrak”) laburbildu ditu.

Sarrera horren ondoren, benetako azterketa hasi da, irakasleak berak proposatutako programaren arabera, irakurketarekin; sekzioka (adinaren arabera), liburuak edo testuak eman dizkiete mutilei irakurtzeko, eta emaitza ona izan da: “habiéndose observado en ellos que por su buena acentuación y estilo que mostraron individualmente en dicha clase se hallaban bastante perfeccionados y adelantados respecto a los exámenes últimos celebrados el año anterior”.

Gure attitta Jeronimo harro zegoen umetan (1906an) eman zioten agiri honekin, idazkera txukunagatik.

Gero, idazlanak aztertu dituzte, aurreko urteetakoarekin alderatuta, baina ez Juntakoek bakarrik; aitzitik, han dauden beste herritar batzuk ere begiratzen aritu dira: “varias personas ilustradas que se hallaban en este acto”. Idazlanak ere begi onez ikusi dituzte: “se notó en ellas en general buena forma de letra, perfección de ortografía y acentuación”.

Hainbeste luzatu dira lan horietan, bazkalordua iritsi da, eta arratsaldeko hiruretan jarraitzekotan geratu dira. Gero, berriz ere guztiak elkarturik, aritmetikako ariketa batzuk jarri dizkiete haurrei arbelean eta ondo erantzun dituzte. Gero, “gramática castellana” gaiari heldu diote, “en la que se hallaban instruidos, contestando satisfactoriamente a varias preguntas”, batez ere esaldiek zer osagai nagusi dauzkaten. Konturatzerako pasatu zaie arratsaldea ere, eta ez dutenez bukatu, biharamunean jarraitzekotan geratu dira.

Hurrengo egunean berriz elkarturik, “doctrina cristiana e historia sagrada” izan dituzte aztergai, “contestando a todo satisfactoriamente”. Azkenik, seigarren sekzioko ikasleek geografiako eta Espainiako historiako azalpenak eman behar izan dituzte: Europaren deskribapena; Espainiako mendi, lurmutur eta ibaiak (baita horiek zer herri nagusitatik pasatzen diren ere), hiriburuak eta zer erresumatakoak diren…; historian, berriz, gertaera nabarmenenak.

Haur batzuk bereziki nabarmendu direla eta, Juntak lehen lerrokoak gailendu ditu: Juan Uriarte, Antonio Trueba, Tiburcio Beobide eta Antonio Jose Ibarra; irakaslearen lana ere goraipatu dute: “dando esto pruevas [sic.] inequívocas del celo, eficacia y esmero del Profesor que los dirige”. Bukatzeko, ume guztiei gozokiak eman dizkiete, eta gehien nabarmendu diren bederatziei medaila bana, “para que se pusieran en el pecho y sirva de estímulo a los demás”. Horrelaxe amaitu da azterketa.

Neskak

Abuztuaren 6an, astelehenean, udaletxeko areto nagusian, goizeko bederatzietan, berriz ere Juntakoak elkartuko dira, neskak aztertzeko. Aurretik hitzordua jakinarazia zioten maistrari, Vicenta Parodiri, eta agindutakoan, neska guztiekin sartu da aretoan.

Hasteko, mutilekin bezala, zortzi urteko neska batek diskurtso bat egin du eta azpimarratu du zer garrantzitsua den hezkuntza “para la felicidad y bien estar [sic.] de las familias”[5]. Maistrak aurkeztutako programari jarraitu diote, eta pozik geratu: “habiéndose notado el adelanto en las niñas, desde la sección más inferior a la más elevada”. Irakurketan bereziki nabarmendu dira hauek: Juana Etxaniz, Teodora Azpiazu, Dominga Zendoia eta Casilda Ibarguren; guztiei, saria eman diete.

Gero, maistrak ikusgai jarri ditu ikasleek egindako josketa lanak, eta “reconocidos que fueron detenidamente por las señoras concurrentes a este acto, quedaron altamente satisfechas, de la perfección con que estaban ejecutadas y comportamiento que mostraron en sus cortas tareas, fuera de las clases de instrucción literaria”.

Amaitzeko, neskei ere sariak eman dizkiete: “pendientes y estampas caladas a las más instruidas” eta “dulces a las que lo estaban menos y a las más pequeñitas”.

Juntako kideek gustura amaitu dute: “quedando igualmente satisfecha la Junta del resultado”.

Euskara eta geu azterketari

Azterketen dokumentu horietan euskara ez da inon ere aitatzen, baina badakigu bazeukala lekua klaseetan, batez ere dotrinaren irakaspenean. Horren arrastoak aurki daitezke irakasleen fakturetan, liburuak erosi eta Udalari ematen zizkiotenean, ordaintzeko: “He recibido de Don León Boneta Maestro de Escuela de esta villa, veinte y ocho reales y treinta y dos maravedís, por el importe de 12 catecismos de Bascuence”[6], “He recibido de Dª Vicenta Parodi maestra de niñas de Zumaya (…) 6 libros Diccionarios vascongado y castellano a 2,50 reales uno 15”[7].

Geu mutil eta neska haien lekuan jarriz gero, azterketa haiek egiten, asmatuko ote genuen zuzen erantzuten? Gaindituko ote genuen? Gustura geratuko ote ziren gurekin lehengo agintari haiek?

 

[1] ZUA, 72.2, 1864-07-30an.

[2] Ibidem.

[3] ZUA, 73.1 (83), 1866-07-30.

[4] Egun horietakoak hemen daude jasota: ZUA, 73.1 (84-85), 1866-08-03an eta 1866-08-04an.

[5] Egun horretakoak hemen daude jasota: ZUA, 73.1 (86), 1866-08-06an.

[6] ZUA, 76, erreferentziarik gabe, 1869-12-22an.

[7] ZUA, 76, erreferentziarik gabe, 1870-04-06an.