'Bateragune auzia' errepikatzearen aurkako mobilizazioa egingo dute bihar

Andoni Elduaien 2020ko abe. 18a, 14:33
EH Bilduko mahai politikoa. (Argazkia: EH Bildu)

Euskal Herriko hainbat hiritan eta herrietan bezala, 'Demokrazia' lemapean mobilizazioa egingo dute Zumaian. Beheko plazan izango da, 12:00etan.

Espainiako Auzitegi Gorenak Bateragune auzia errepikatzeko erabakia hartu ostean, EH Bilduk mobilizaziorako deia egin du datorren larunbaterako. “Erabakia Euskal Herrian bakearen eraikuntzan emandako aurrerapausoen aurkako erasoa da. Estatuaren injustizia sistema honetan ez dago demokraziarik Euskal Herritarrentzat”, azaldu du koalizio independentistak.

Bateragune auzia errepikatzearen aurka mobilizatzeko Euskal Herrian antolatu diren herriz herrikako deialdiekin bat egin du Zumaiako EH Bilduk, eta bihar, elkarretaratzea egingo dute. Zumaian Beheko plazan izango da, 12:00etan.

Euskal Herriko hainbat taldek jakinarazi dute mobilizazioekin bat egingo dutela. Besteak beste, ELA, LAB, Steilas, ESK, Podemos Euskadi, Ezker Anitza-IU, Nafarroako Izquierda Unida, Gure Esku, Emakumeon Mundu Martxa, Bilgune Feminista, Sare, Etxerat eta CCOO-Euskadi erakundeek egin dute bat. “Injustizia honi aurre egiteko larunbat honetan guztiok plazara. Ez gaituzte ez geratuko eta ez ixilduko; demokraziaren aurkako erasoen aurrean, batera aurre”, azaldu du EH Bilduk.