Haurrentzako egitaraua indartuko du udalak Gabonetara begira

Juan Luis Romatet 2020ko abe. 16a, 17:43

Gabonak bereziak izango dira aurten. Osasun neurriak direla eta, garai honekin lotutako ekintza asko bertan behera utzi behar izan dituzte. Horien artean aurkitzen dira haurrei zuzendutako zenbait jarduera. Hala nola, Ludotekatik Txuri Urdin izotz jauregira egiten den irteera, edo Gabonetako haur parkea. Urte amaieran, oporrekin, haurrek aisialdirako denbora gehiago izaten dutela ikusirik, etxeko txikienei zuzendutako kultur egitaraua indartu du Zumaiako Udalak. Zine, antzerki eta ipuin kontaketa saio bereziak izango dira datozen asteotan.

Pozez agertu dira udal ordezkariak gaur Aita Mari zine aretoan egindako agerraldira. "Gauden egoeran edozein programazio antolatzeak lan handia ematen du", azaldu du Marina Bidasoro kultura zinegotziak.

Haurrentzako zine eta antzerki saioekin indartu du udalak gabonetako programazioa. Asteburuetan ematen diren ohiko filmeez gain, saio gehiago ere izango dira abenduaren 23tik urtarrilaren 2ra bitartean. Zine saioetarako sarrerak Aita Mariko leihatilan egongo dira salgai. Abenduaren 20an eta urtarrilaren 3an izango diren haur antzerkietarako, sarrerak, aldiz, turismo bulegoan erosiko dira.

Ipuin kontaketa saio bereziak ere antolatu ditu Zumaiako Udal Liburutegiak. Ohikoan, saio hauek haurren liburutegian egiten dira, baina aurten, osasun neurriengatik, Oxford aretoan egingo direla gogoratu du Josu Egaña liburuzainak. 4 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzendutako saioak izango dira, eta aforoa 30 lagunera mugatuko da. Gurasoek, printzipioz, ezingo dute aretoan egon, ipuin kontaketa saioan. Ekitaldiez gozatu ahal izateko, aurrez izana eman beharko da haurliburutegia@zumaia.eus helbidera idatzita.

Ekitaldi hauetan guztietan osasun neurriak mantenduko direla berretsi zuten. Hala, aretoen sarreretan gelak izango direla, distantziak mantendu direla eta saioaren hasieran aretoa aireztatuko dutela gogoratu dute.

Beste bat! egitasmoko kontzertuak

Eusko Jaurlaritzak eta Musika Bulegoak abian jarritako programa da Beste bat! eta Zumaiako Udalak ere bat egin du. Hala, abenduaren 30ean hasi eta otsailaren amaierara bitartean bost ekitaldi izango dira herrian. Dantza eta musika ekitaldi hauetarako sarrerak turismo bulegoan egongo dira salgai, ekitaldia izan baino astebete lehenagotik.

Krisialdia pairatzen ari den sektorea laguntzea du helburu egitasmo honek, eta udalak ere bat egitea erabaki du. "Udal gobernu honek zuzeneko ekitaldiak bultzatu nahi izan ditu hasieratik, eta uda garaian izandako kontzertu eta emanaldiak dira horren adibide", azpimarratu du Marina Bidasoro zinegotziak. Neguan beste bost emanaldi izango dira: bat abenduan, eta bina urtarrilan eta otsailan.

Miren Amurizaren eta La Pulgaren Gorria ikuskizunak (abenduak 30); Laboa Jazz Sexteten (urtarrilak 7), Liher-en (urtarrilak 22) eta Urval Ensemble, Gorka Hermosa eta Jon Maiaren Urolatik barrena kontzertuek, eta Kukai Dantzaren Gauekoak ikuskizuna osatuko dute Zumaiako programa hau. Sarrerak 5 euroan izango dira salgai, turismo bulegoan, emanaldia baino astebete lehenagotik.