Lubaki kiroldegiko neguko ikastaroetan izena eman daiteke dagoeneko

Maria Maya Manterola 2020ko abe. 15a, 18:15

Helduen kirol ikastaroetako izen ematea zabaldu dute; haurrei eta gazteei zuzendutako ikastaroak, berriz, etenda daude Eusko Jaurlaritzaren agindua dela eta. Aurrerantzean aldagelak eta dutxak erabili ahal izango dira. 

Zabaldu dute Lubaki kiroldegiak eskaintzen dituen neguko ikastaroetako izen ematea. Oraingoz, udalaren esanetan, helduek soilik izango dute izena emateko aukera: jada ohikoak diren zumba, cycling, pilates, TRX, total training edota GAP jardueretan, hain zuzen ere. Haurrei eta gazteei zuzendutako jarduerak, berriz, etenda daude, Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez emandako agindua dela medio. Arauek baimentzen duten momentuan zabalduko dute horietan izena emateko aukera. 

Ikastaro guztietan osasun neurriak bete beharko dituzte irakasleek eta erabiltzaileek, eta 20 saio baino gutxiago eginez gero, zati proportzionala itzuliko dute. Hala eta guztiz, klaseak berreskuratzea izango da lehentasuna. 

Arauetan aldaketak

Zenbait moldaketa egingo dituzte Lubakin, Eusko Jaurlaritzak onartutako 44/2020 dekretua betearazteko:

  • Aldagelak eta dutxak erabil daitezke
  • Kardio gunean ez da maskararik erabili beharko jarduera trinkoa egiten denean
  • Ikastaroetan ere (cycling, TRX, total training, GAP eta zumba), jarduera trinkoa hasten denean, maskara kendu ahal izango da

Irizpideak aldakorrak izanik, kiroldegiko arduradunen irizpideak betetzearen garrantzia azpimarratu dute. Bestetik, kiroldegiko zerbitzuak erabili ahal izateko ezinbestekoa izango da aurrez hitzordua hartzea. Horretarako, bazkideek kiroldegia erabiltzeko bonuak gehienez hiru eguneko aurrerapenarekin hartu dezakete, 943-86 20 21 telefono zenbakira deituta, ohiko ordutegian (6:30-21:00). Bazkideak ez direnek egunean bertan deitu ahal izango dute.

Ikusi neguko kirol ikastaroen eskaintza hemen.