Xabier Leteren 'Habanera'-ren moldaketa egin du Iker Gonzalez zumaiarrak

Juan Luis Romatet 2020ko abe. 8a, 08:41

Xabier Lete abeslari eta poeta hil zela hamar urte bete berri dira. Urteurren horren inguruan egindako ekitaldien artean Ni naiz Lete dokumentala aurkeztu dute. 

Ikus entzunezko honetan, Leteren bizitza kontatzeaz gain, nola ez, bere lanak berebiziko garrantzia du. Hala, bere olerkiak eta abestiak errezitatu edo abesten dituzte. Behar izan denean, bertsio berriak ere egin dituzte, eta horietako batean parte hartu du Iker Gonzalez Cobeaga zumaiarra. "Habanera abestia Ainara Ortegak egitea erabaki ondoren pentsatu zuten egokia zela abesbatza bat akonpainamendu bezala jartzea. Hau egiteko Errenteriako Landarbaso abesbatza aukeratu zuten eta hurrengo pausua moldaketa egitea zen", dio zumaiarrak.

"Horretarako nirekin jarri ziren harremanetan. Kasu honetan beharrezkoa zen estiloa markatzea baina topiko sinpleenetan erori gabe, esanahi eta estilo bereziko habanera baita Xabier Letek idatzitakoa", azaldu du Gonzalezek.