Espainiako Konstituzioaren aurkako ekitaldia egin zuten atzo iluntzean Ernaik eta Anabasak

Juan Luis Romatet 2020ko abe. 7a, 08:52

Anabasak eta Ernai gazte antolakundeek ekitaldia egin zuten atzo iluntzean Espainiako Konstituzioari ezezkoa adierazteko. 

Espainiako Konstituzioa onartu zutela 42 urte bete ziren atzo, abenduaren 6an. Anabasak eta Ernai gazte antolakundeek ekitaldia egin zuten iluntze hotz eta euritsuan konstituzio horri ezezkoa adierazteko. "42 urte dira euskaldunen gehiengoak izaera frankista duen konstituzio honi ezetz esan ziola, eta gaur ere, posizio berdinean mantentzen gara".

"Estatuko biztanleon eskubide eta betebeharrak" bermatzea baino, "errepresio eta zapalkuntza tresna eraginkor gisa funtzionatzen" duela azpimarratu zuten, eta "euskaldunak izate hutsagatik zapaltzen" dituztela. "Konstituzio hau ez dago guretzat egina. Elite ekonomiko espainiarrek beraien mesedetara sortu zuten konstituzioa, eta logika horretan ulertu behar dugu gure segurtasuna indar armatuen eskuetan egotea". Espainiako lege nagusiak jasotzen dituen artikulu batzuk gogoratu zituzten irakurketan salaketa horri eusteko. 

"Gazte eta ikasleok ez dugu onartzen izaera frankista duen konstituzio hau. Ez dugu onartzen behin eta berriz espainiaren izaera zatiezina inposatu, monarkia ustela babestu, eliteko ekonomikoen proiektua sustengatu eta gure herria militarki okupatzen duen konstituzioa", azpimarratu zuten ekitaldia deitu zuten gazte antolakundeek.