Vicente Royo: “Fakturazioaren %10 egiten ariko gara aurten, eta bostetik hurbilago egongo gara hamarretik baino”

Juan Luis Romatet 2020ko abe. 6a, 12:00
Vicente Royo eskuinean, aitarekin eta Marta arrebarekin.

Ostalaritzaz hitz egiterakoan askotan tabernak eta jatetxeak hornitzen dituzten banatzaileak ahaztu egiten ditugu. Hauek ere gogor kolpatu ditu pandemiak. Gabonen aitzakian ostalaritzako establezimenduak zabalduko dituztela espero dute hauek ere.

Vicente Royok (Zumaia, 1972) bizitza osoa darama lan honetan, “18 urterekin eskola utzi nuenetik. Lanbide profesionala egin nuen, elektrizitate elektronikoa ikasi nuen, gero automatismoen ikastaro bat ere egin nuen, baina aitak hona lanera etortzeko esan zidan, kamioiaren gida baimena ateratzeko, eta gaur arte. Hirugarren belaunaldia gara”. San Telmo kalean duten dendan egin dugu hitzordua.

Pandemia hau nola ari zarete eramaten enpresan?

Lehen fasean hala nola; denok berdin geunden, etxeetan gordeta, eta etsi egiten zara. Hemen, dendan, asko saltzen zen. Herriko jendea denda txikietara etortzen zen. Orain, bigarren olatu honetan, zailagoa izan da. Jendea lanean dago, eta ez du ilusiorik edateko edo etxeetan parrandak egiteko; batzuk bai, baina gutxik, eta hori igarri egiten da. Guk bizpahiru gasolindegirekin egiten ari gara lan, Itziarren; Zumaiako denda txiki batzuekin, eta eramateko janaria prestatzen ari diren taberna eta jatetxeekin. Negozioaren %85 edo 90 geldirik dago. Fakturazioaren %10 egiten ariko gara, edo %5... Nik uste bostetik hurbilago egongo garela hamarretik baino.

Familia-enpresa bat zarete. Langilerik kaleratu behar izan al duzue?

Jaime dugu, ERTEan dagoena, eta Marta dugu, lanaldi erdian dugula. Udan beste langile bat izan genuen; irailera arte kontrata%tu nuen, irailean lan egingo genuela uste nuelako, baina abuztu amaieran, turistak joan ziren momentutik, lanak behera egin zuen; desagertu egin zen. Irailean ez genuen lanik egin, eta gainera lagun honek positibo eman zuen asteburu batean. Hona ez zen etorri ez aztarnaririk ez inor. Probak gure kabuz egin genituen, eta denok negatibo eman genuen.

Maiatzean zabaldu zituzten berriro tabernak, terrazak bakarrik izan baziren ere. Hor arnas pixka bat hartuko zenuten.

Zerbait, uda garaian lana egin genuen. Baina bezeroek esaten zigutena: jendeak gogoa izanda ere, tabernek aforo mugak zituzten, eta %30ean edo %50ean lan egiteko baimena baduzu, jenero hori izango duzu tabernan, ez gehiago. Egoera horretan ez duzu taberna goraino edukiko, jende asko izanda ere. Terraza handiak dituzten tabernek nahiko ondo egin zuten lan, besteek ez hain ondo. Uda garaian, erraz, %40an edo jaitsiko zitzaigun fakturazioa.   

Azaro hasieran itxi zituzten tabernak. Baina zuk diozu irailerako asko jaitsi zela taberna giroa.

Ikaragarri, ikaragarri. Asko. Turismoa joan zenean dena pikutara joan zen. Harrituta geratu nintzen. Are gehiago, jendea soberan genuen. Tabernak itxi dituzten arte izan dut langile bat gurekin, baina... oso baxu dago.

Eta zergatik uste duzu gertatu dela hori? Ohitura aldaketak, beldurra...

Hori dena. Baina tabernak itxi aurretik Zumaian agerraldi bat izan zen, eta agerraldi hori asko igarri zen: jendea ez zen asteburu horretan atera. Gazteak dira kontsumitzen dutenak, eta gazte horiek etxean geratu ziren. Agerraldia izan zen bi asteburu horiek asko igarri ziren.

Eta hori aurten sekulako eguraldia izan dugula. Orain hasi da eguraldia okertzen, baina Aste Santua, santelmoak... Santelmoetan beti izan ohi da egun txarren bat, baina aurten ez. Kristoren eguraldia egin du aurten, egun edo aste batzuetan kenduta; pandemiaren kontu hau hasi zenetik hamabost bat egun egingo zituen txarrak. Auskalo non egongo nintzatekeen urte honetan normal lan egin izan bagenu!

Nola hartu zenuten tabernak ixtearen albistea?

Lehen olatuak baino gehiago izorratu ninduen. Lehen denoi eragin zigun; orain batzuei bakarrik. Ostalaritzak ez du honen errurik; arau hauek guztiak betetzea interesatzen zaien lehenak dira. Guk beti, beti, beti bete ditugu arauak: gure artean gaudenean ere maskarak eta eskularruak eramaten ditugu uneoro. Bat kutsatzen bada, denoi eragiten digu, eta gurasoek ere adin bat dute, zaurgarriak dira. Ostalaritzarekin gertatzen ari dena ez da justua. Egia da arrisku gehiago izango dela etxean geratuta baino, baina ez gara gu errudunak, eta azkenean errazena egin dute: dena ixtea. Nik uste badaudela beste aukera batzuk. Hemen agerraldi bat badago, ixtea ondo dago. Baina zergatik ez dituzte ixte horiek herrien arabera egiten. Herri hau ondo badago, ez utzi kanpoko jendea etortzen, eta herri bertako ekonomia mugitzen utzi dezatela. Beno, nire iritzia da. 

Gabonetara begira egongo zarete orain...

Orain bertan herriko taberna batzuetara noa garagardo barrikak eramatera. Tabernak ari dira pentsatzen hilaren 10ean zabaltzea izango dutela. 9an hartuko dituzte erabakiak; inork ez daki zer erabaki hartuko duten, baina badaezpada ere hasi dira gauzak pilatzen. Hori bai, hogei egun jarraian eguraldi txarra izango omen dugu. Hotzarekin bai, txaketa bat jantzi dezakegu; baina euriarekin zer? Aterki azpian egon behar al dugu zurito bat hartzen? Gauza gaizki dago...

Denda ere baduzue San Telmo kalean. Horrek lagunduko zuen.

Noski lagundu duela. Gero eta jende gehiago etortzen da dendara, gazteak bereziki. Kontziente dira beraiek ez badute herriko ekonomia aktibatzen inork ez duela egingo.

Kontsumitzaileen aldetik, aldaketarik sumatu al duzu? Pandemiaren aurretik ere aldaketarik ikusi al duzu?

Ohituretan izan dira aldaketak. Orain garagardo asko saltzen da. Ardoa gutxi. Zergatik? Txikiterorik ez dagoelako. Txakolina eta rueda ardoa zertxobait saldu da uda garaian, baina gutxi. Lehen olatuaren ondoren tabernak zabaldu zituztenean likoreak saltzen ziren asko. Jendea terrazetan esertzen zen, eta konbinatuak hartzen zituen. Terrazetara joaten direnek konbinatuak edo zerbezak hartzen dituzte; ez dute ardo bat hartuko, eta, esan bezala, txikiteroak desagertu egin dira.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Pandemiaren arabera. Esaten dute ohiturak-eta aldatuko direla; nik ez dut uste. Lehen olatuaren ondoren ikusi nuenaren arabera, jendeak gogoa zuen. Eta ez gazteek bakarrik; denek zuten sozializatzeko gogoa edo beharra. Ikusiko dugu zer gertatzen den pandemiarekin, baina nik uste 2021ean ez dugula santelmorik izango; ea udarako konpontzen den.