Sito Carcavillak bere azken liburua aurkeztuko du Zumaian, Mendien Nazioarteko Egunaren harira

Maria Maya Manterola 2020ko abe. 3a, 15:08

Himalaya eta Karakórum geologo eta alpinista baten ikuspegitik aztertu ditu Carcavillak. Hilaren 9an izango da liburu aurkezpena, Geoparkeak antolatuta. 

Aurreko urteetan mendi irteera batekin ospatu izan du Geoparkeak abenduaren 11ko Mendien Nazioarteko Eguna. Aurtengoan, ordea, COVID-19ak sortutako egoera dela eta, bestelako ekitaldiak egingo dituzte mendizaleen eguna, eta horien artean da Zumaian antolaturiko aurkezpena. Hain zuzen ere, hilaren 9an, asteazkena, 18:00etan hasita Geología desde el Campo Base: el Himalaya y Karakórum vistos por un geólogo y alpinista liburua aurkeztuko du Sito Carcavillak Oxford aretoan. Ponentzia gazteleraz izango da eta ekitaldia doakoa. Plazak mugatuak dira, hortaz, izen-ematea beharrezkoa da labur.eus/campo-base formularioan edo Turismo Bulegoan (943-14 33 96). 

Geologiako Doktorea eta Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuko (IGME) Zientzialari Titularra da Carcavilla. 2007tik, 13 espediziotan parte hartu du Himalaya eta Karakorumera
eta Carlos Soriaren taldeko kide izan da. Estreinatutako liburuan mendikate horien eraketaren gakoak eta eskaladarekin zerikusia duten alderdiak azaltzen ditu berak ateratako irudien
bitartez. 

Glaziarrak hizpide Mutrikun

Zumaiako liburu aurkezpenaz gain, hitzaldia antolatu du Geoparkeak Mutrikun. Pirinioetako glaziarren bilakaera eta egoera izango du hizketagai bertan Eñaut Izagirre EHUko Geologia Saileko doktoregai ikerlariak. Patagonia eta Suaren Lurraldeko glaziarrak ikertzeaz gain, Pirinioetako glaziarrak ere ari da aztertzen. Zabiel Kultur Etxean izango da hitzaldia, 18:00etan, eta aurrez izena emateko eskatu dute antolatzaileek, labur.eus/glaziarrak helbidean.