Hamasei positibo baieztatu dituzte eskualdean, bat ere ez Zumaian

Aitziber Arzallus 2020ko abe. 3a, 14:08

Orioko eta Getariako intzidentzia tasak 100.000 biztanleko 500eko langatik jaitsi dira, eta Azkoitia muga-mugan dago, 517,14ko tasarekin.

Pixkanaka-pixkanaka, koronabirusa indarra galtzen ari da eskualdean, eta hori baieztatzen dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur eguerdian kaleratu dituen datuek ere. Atzo hamasei positibo atzeman zituzten Urola Kostako herrietan; herenegun baino bi gehiago dira, baina ez da igoera esanguratsua. Eta intzidentzia tasek beheranzko joerari eutsi diote udalerri guztietan. Aipatzekoa da Orio eremu gorritik atera dela, hamalau eguneko 100.000 biztanleko positibo kopurua 500etik beherakoa delako. Getariakoa ere 500 baino txikiagoa da jada, baina udalerri horrek 5.000 biztanle baino gutxiago dituenez, ez dute koloreen eskema horretan sartzen. Horrenbestez, gaur, Azkoitia da eskualdeko herri gorri bakarra, 517,14ko tasarekin, baina azken egunotako joerari eusten badio, bihar bertan atera daiteke eremu horretatik.  

Atzo Zarautzen eta Azkoitian atzeman zituzten positibo gehien; bosna. Azkoitiko hamabost eguneko intzidentzia tasa altuagoa da Zarauzkoa baino, baina azken zazpi egunotan Zarautzen positibo gehiago baieztatu dituzte Azkoitian baino: 35 izan dira Zarautzen, eta hemeretzi izan dira Azkoitian. Dena dela, herenegundik atzora intzidentzia tasa jaitsi egin da bi herrietan: Zarautzen 377,67tik 364,79ra, eta Azkoitian 650,60tik 517,14ra, hain zuzen.

Azpeitia lau positibo zenbatu zituzten atzo, eta 28 izan dira azken astean atzemandakoak. Hango intzidentzia tasa ere jaisten ari da egunetik egunera: duela bi aste 1.162,40 zen, duela astebete 664,23, eta gaur 391,90 da.

Getarian eta Orion, berriz, positibo bana baieztatu zuten atzo. Horiekin, sei dira azken astean Getarian zenbatu dituztenak, eta 11 dira Orion zenbatutakoak. Bi herrietako intzidentzia tasek beheranzko joerari eutsi diote, eta horren froga da 500eko langa atzean utzi izana. Getarian 491,92 da tasa, eta Orion 412,47.

Eskualdeko gainontzeko herrietan ez zuten positiborik atzeman atzo.

Hego Euskal Herrian, positibo gehiago

Atzo 11.246 PCR eta antigeno test egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta horietatik 743k positibo eman zuten; horrenbestez, %6,6koa da positibotasun tasa. Herenegungo datuak baino txarragoak dira, bai positibo kopuruari eta baita positibotasun tasari dagokionean ere.

Lurraldeka, Araban bakarrik jaitsi da positibo berrien kopurua, eta Nafarroan ehundik gora baieztatu zituzten atzo.

Dena dela, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetako egoera zertxobait lasaitzen ari da. Atzo 32 lagun ospitaleratu zituzten, eta, denera, 337 daude erietxean, horietatik 127 Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU). Duela astebete, aldiz, 403 lagun zeuden ospitaleratuta, horietatik 134 ZIUn.