Euskaraldia 2020

Eskualdean 12.214 lagunek parte hartu Euskaraldian, 1.560k Zumaian

Maria Maya Manterola 2020ko abe. 3a, 08:18

Alazne Aizpurua eta Imanol Amiano dinamizatzaileak pozik daude Euskaraldiak utzitako datuekin. Urte "berezia" izan arren, "gustura egoteko moduko datuak" jaso dituzte antolatzaileek. 1.560 zumaiarrek egin dute bat ariketa sozial honekin.

Bihar amaituko da milaka euskaltzalek hizkuntza ohiturak aldatzeko anbizioz egindako gizarte ariketa, Euskaraldia. Guztira, Urola Kostako 12.214 pertsonak hartu dute parte bigarren edizioan. Oraindik ondorioak ateratzeko goiz izan daitekeen arren, Alazne Aizpurua eta Imanol Amiano Zarauzko eta Azpeitiko koordinatzaileek balorazio positiboa egin dute.

Biek nabarmendu dute aurtengo urtea “berezia” izan dela, eta baldintza horiek kontuan izanik, “gustura egoteko moduko datuak” jaso dituztela. Euskaraldia “kalean egiteko ariketa soziala” da, Amianoren arabera; halaber, pandemiak herri batzordearen lana zaildu arren, entitate, arigune eta parte hartzaile kopuru “polita” lortu dutela uste du. Aizpurua ere bat dator: “Eskertzekoa eta txalotzekoa da herritarrek izandako erantzuna eta jarrera”. Zarauzko dinamizatzaileak azaldu du datu horiek lortu izana tokian tokiko batzordeen lanaren emaitza dela, eta Euskaraldiak bi aste iraun baditu ere, urte osoko lana dagoela horren guztiaren atzean.

Azpeitiko dinamizatzaileak, berriz, datu horiek ulertzeko gakoak eman nahi izan ditu: “Asko izan dira enpresa, denda eta taldeetako ariguneetan parte hartzeko onespena eman ondoren, norbanako moduan izena eman beharrik ez zutela uste zutenak, baita aurreko ekitaldian izena emanda egotea nahikoa zela uste zutenak ere”. Aizpuruaren hitzetan, aurreko edizioan parte hartu zutenekin harremanetan jarri eta aurtengoaren berri ematea “errazagoa” izan da, aurretik “bide erdia egina” baitzegoen.

Zailtasunak zailtasun, “bide polita” izan da egunotan milaka herritarrek gauzatutako ariketa. “Herritarren esker ona jasotzea; txapak jasotzera etorri direnen poz eta ilusioa sentitzea; herrigintza eta udala elkarlanean ikustea…”, aipatu ditu, besteak beste, Aizpuruak.

Azpeitia eta Zarautz, herri euskaldunak dira biak, dinamizatzaileen arabera. Zarautzen, esaterako, herritarren % 85ak ulertzen du euskara. Erabilera, ordea, % 50ekoa da. Ezagutza eta erabilera parekatzea da erronka, Aizpuruaren hitzetan.

Zumaian 1.560 lagunek eman dute izena aurtengo Euskaraldian. Horietatik gehiengo handi batek Ahobizi izatea aukeratu du –1.372–, eta 188 besterik ez dira izan Belarriprest.

Euskaraldia herriz herri

AIA Ahobizi. 242 Belarriprest.18

AIZARNAZABAL Ahobizi.105 Belarriprest.9

AZKOITIA Ahobizi.1.900 Belarriprest.190

AZPEITIA Ahobizi. 2.014 Belarriprest.104

BEIZAMA Ahobizi.11 Belarriprest.1

ERREZIL Ahobizi.108 Belarriprest. 3

GETARIA Ahobizi. 424 Belarriprest. 46

ORIO Ahobizi.1.194 Belarriprest.140

ZARAUTZ Ahobizi. 3.437 Belarriprest. 535

ZESTOA Ahobizi. 317 Belarriprest.17

ZUMAIA Ahobizi.1.372 Belarriprest.188