Hamalau kasu izan ziren atzo eskualdean, horietatik bi Zumaian

Juan Luis Romatet 2020ko abe. 2a, 14:22

Behera egin du positiboen kopuruak eskualdean. Herenegun 22 kasu izan ziren, eta atzo hamalau. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gora egin dute positiboek bezperako datuekin alderatuta.

Pandemia honekin ez dago atseden hartzerik, ezta lasaitzerik ere. Eskualdean behera egin dute positibo berriek; ez, ordea, Hego Euskal Herrian.

22tik hamalaura jaitsi da positibo berrien kopurua eskualdean; 22 kasu zenbatu zituen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehenean, eta hamalau atzo. Aipagarria da, aspaldiko partez, Azkoitian ez dutela kasu berririk izan, eta 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasa 650,6an jarri da. Azkotian semaforo gorriak piztuta jarraitzen du, baina laranja piztera bidean jarri da. Azpeitian, berriz, lau kasu izan zituzten atzo. Intzidentzia tasa 431,75ekoa da gaur egun, eta laranja kolorea dute herrian piztuta.

Atzoko datuei dagokionez, Zarautzen izan ziren kasu gehien, beste bost positiborekin; bi kasu izan ziren Zumaian, eta bana Getarian, Orion eta Zestoan. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez zituzten kasurik izan atzo. 

Asteburuko zenbaki positiboen ondoren –kasu bakarra izan zen hiru eguneko epean–, berriro gora egin dute kasuek Zumaian. Hiru kasu izan ziren astelehenean, eta bi atzo. Hala, kasu metatuen tasa 162,55ean kokatzen da, orain hilabete eta erdi izandako ia 2.000 haietatik urrun. Semaforo horia dago piztuta Zumaian.

Hego Euskal Herrian gora

Eta eskualdean kasuek behera egin badute, ezin berdina esan Hego Euskal Herriari buruz. Nafarroan bai, bezperan baino zazpi kasu gutxiago izan dituzte –69 positibo astelehenean, 62 atzo, beti ere Nafarroako Gobernuak aurreratutako datuen arabera–; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, gorantz egin dute kasuek.

8.938 proba egin zituzten atzo, eta 564 kasu positibo baieztatu zituzten, bezperan baino 78 gehiago. Ondorioz, positibitate tasa %6,3ra igo da. Hiru lurraldeetan igo da positiboen kopurua: Araban 101 kasu zenbatu zituzten atzo, 257 Bizkaian et<a< 195 Gipuzkoan. 

Ospitaleratutakoei dagokionez, beste 41 pertsona ingresatu zituzten atzo, eta atzo 362 lagun zeuden Osakidetzako erietxeetan, plantan. Zaintza Intentsiboko Unitateetan, berriz, 129 lagun zeuden ingresatuta, bezperan baino bi gutxiago.