Pentsiodunen plataforma: "Toledoko Itunaren gomendioei desadostasuna erakutsi nahi diegu argi eta garbi"

Juan Luis Romatet 2020ko abe. 1a, 11:12

Zumaiako jubilatuen eta pentsiodunen plataformak manifestazioa deitu du larunbat honetararako. Eguerdiko 12:00etan abiatuko da Saregileen plazatik. Toledoko Itunak aurkeztutako gomendioei desadostasuna erakustea du helburu protesta ekintza honek. 

Toledoko Itunak egindako gomendioek bultzatu dituzte pentsiodunak manifestazio hauek deitzera. Plataformak aditzera eman duenez, Toledoko Ituna bezala ezagutzen den Espainiako Kongresuko Batzordeak pentsio publikoei buruzko gomendioak plazaratu ditu, "eta Kongresuak berak baita onartu ere. Honen aurrean, gomendio gehienen edukiarekin desadostasuna argi eta garbi utzi nahi dugu".

Pentsiodunen arabera, itun horrek "garden erakusten du Gizarte Segurantza Publikoak, egoki kudeatuz gero, nahikoa baliabideak dituela iraupena bermatzeko, eta KPIaren araberako errebalorazioak egingarriak direla. Baina gainerantzeko aferetan gure balorazioa ezkorra da"

Europako Gutun Sozialean jasotako puntu batzuk aintzat hartzen ez dituztela dio plataformak, hala nola, gutxieneko pentsio publikoa 1.080 eurokoa izatea eta gutxieneko soldata 1.200 eurokoa. "Bestalde, pentsionisten mugimenduak aspaldidanik erreibindikatzen daramatzagun eskari ugariri ere muzin egiten zaie. Batzuk aipatzearren, honako hauek: 2010eko eta 2012ko lan-erreformak ez indargabetzea, negoziazio kolektiboa ahulduz eta lan prekarioari mesede eginez, soldaten galera eta kotizazioen murrizketa ahalbidetzen dutenak. 2011ko pentsioen erreforma ere ez da indargabetzen, jasangarritasun faktorea deritzona ere ezabatzen ez den bezalaxe. Pentsio-genero arrakalean dagoen %37rekin amaitzeko neurririk ez dago, ezta alarguntasunaren-pentsioaren oinarri arautzailea %100era igotzea ere. Pentsio-plan pribatuak diru publikoarekin hornituko dira…".

"Aspaldidanik ezagutzen dugun Gizarte Segurantza Publikoaren belaunaldien arteko elkartasuna da erreforma honek arriskuan jartzen duena. Horregatik, larunbatean Zumaian egingo dugun manifestazioan parte hartzeko deia egiten diegu sindikatuei, elkarte feministei, gazteei, eta oro har, zumaiar guztiei", azpimarratu du jubilatuen eta pentsiodunen plataformak.