Aipamen berezia jaso du Ekain Albiteren 'Haizearen egia' filmak Lekeitioko Euskal Zine Bileran

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 29a, 11:45

Aipamen berezia jaso du Ekain Albiteren filmak aurten online egin den Lekeitioko Euskal Zine Bileran.

Euskal zinemagintzako hitzordu garrantzitsuenetakoa da Lekeition egiten duten Euskal Zine Bilera. Azaroaren 21etik 29ra bitartean izan dute aurtengo edizioa, Bileraren 43.a. Osasun krisialdia dela eta, ezin izan da presentziala izan eta online egin dute.

Euskal Zine Bileran erakutsi dute Ekain Albite zumaiarraren Haizearen egia, baita aipamena lortu ere. Aipamen berezia jaso du Albiteren film laburrak, "Saharar eta euskal kulturaren arteko talka hain ondo azaltzeagatik". Filmak "begirada lausotua" aurkezten duela azpimarratu nahi izan du epaimahaiak, "flashback eta narratiba tenporala bikain nahasiz".