Ostalarien S.O.S. deia entzun da herriko kaleetan

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 28a, 21:55

Zumaiako ostalariak manifestazioa egin dute gaur herriko kaleetan zehar. Pandemiagatik bizi duten egoera salatu dute, eta S.O.S. deia ere luzatu dute. Ehunka herritarrek egin dute bat deiarekin, eta bertan izan dira, baita ere, ostalaritzarekin lotura duten eta pandemiak kaltetu dituen beste sektore batzuetako ordezkariak. 

Arratsaldeko 5:30ean zen abiatzekoa herriko ostalariek deitutako manifestazioa, Beheko plazatik. Ostalariez gain, bertan izan dira, besteak beste, banatzaileak ere. Furgonetak eraman dituzte plazara, manifestazioaren aurretik eta atzetik joateko. Egindako deiak arrakasta izan du, eta hasieran aurreikusitako bi ibilgailuak baino dezente gehiago hurreratu dira plazara. Arazoak ekiditeko, aurreikusitako bi furgonetak bakarrik atera dira manifestazioan. 

Martxan atera den ibilgailu hauetako bat Ibai Artetxerena da. Uroldeba banaketa etxean egiten du lan, eta ostalaritzak izandako murrizketek eragina izan dute bere enpresan ere. Fakturazioa "%99an" jaitsi dela azaldu du. Urola eta Deba bailaran egiten du lan enpresa honek, eta aurten inoiz ez bezala sufritzen ari dira. "Festetako txosnekin ere egiten dugu lan, Gipuzkoa osoan, eta aurten ez da ezer egon, ez dugu lanik egin". Banaketa etxeko langile denei denbora baterako lan txostena ireki behar izan dietela azaldu du. 

Azaroan 8an bezala, herritarrek bat egin dute Zumaiako ostalarien deiarekin, eta pixkanaka joan dira martxarekin bate egiten. Ehunka lagunek egin dute bat deialdiarekin. Beheko plazatik abiatu, eta poligonoak zeharkatu ondoren, Parolalderantz joan dira moilatik. Asteburu normal batean jende ugari izango zuen, eta gaur ia hutsik zegoen Erribera kaletik Beheko plazara itzuli dira. Txalo zaparrada handi batekin amaitu da manifestazioa. Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete martxan parte hartu duten guztiei, eta ikusitakoak "bultzada" handi bat ematen dietela nabarmendu dute.