Kasu metatuen tasa 200dik behera jaitsi da Zumaian

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 27a, 15:01

Zarautzen hamar atzeman zituzten, baina beste inon ez hiru baino gehiago; Zumaian ez zen atzo kasurik izan. Azken astean egonkortzera egin du positibo berrien kopuruak; egunero 20 eta 30 artean zenbatu dituzte, duela aste batzuetako zifretatik urrun.

Azken astean nabarmen egin du hobera eskualdeko egoerak, eta atzoko datuak hori baieztatzera datoz. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, 22 positibo zenbatu zituzten atzo; asteazkenean baino bat gutxiago, asteartean baino zazpi gutxiago eta astelehenean adina. Asteko joera hori izan da, beraz: eguneko 20-30 positibo berri. Badira batzuk, baina duela aste batzuetako datuen ondoan, askoz gutxiago dira.

Zarautz da atzo positibo gehien zenbatu zituzten eskualdeko herria: hamar, hain zuzen. Azpeitian, Azkoitian, Getarian eta Orion hiruna baieztatu zituzten, eta gainontzekoetan, bakar bat ere ez. Iragan ostiralaz geroztiko datuei erreparatuta ere, Zarautz izan da positiborik gehiena atzeman dituzten herria: 55. Azkoitian 43 izan dira, Azpeitian 34, Orion 16, eta gainontzekoetan hortik behera.

Intzidentzia tasak ere apaltzera egin du oro har. Jaitsierarik deigarriena Zumaiak izan du: duela aste batzuk ia 2.000ra iritsi zen 100.000 biztanleko hamalau eguneko positibo kopurua, eta gaur 193,38 da. Azpeitian ere bi astean erdira jaitsi da: gaur 604,45 da, eta orain dela bi aste 1.200dik gorakoa. Orion, aldiz, kezkatzeko zifrak dituzte; 890,94 da tasa.

Hego Euskal Herriko egoera ere duela aste batzuk baino askoz hobea da. Atzo 14.143 PCR eta antigeno test egin zituzten eta 785ek eman zuten positibo; horrenbestez, %5,5ekoa da positibotasun tasa. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bezperan baino gutxiago izan ziren; Nafarroan, aldiz, gehixeago. Dena dela, gaurko datuek ez dute zerikusirik duela aste batzuetakoekin, egun batzuetan 2.000 positiboen langa ere gainditu zelako. Erietxeetako egoerak ere hobera egiten ari da pixkanaka; bi astean %40 murriztu dira ospitaleratzeak.