'¡Ave, osos!' komediarako azken sarrerak geratzen dira salgai, turismo bulegoan

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 27a, 11:36

El mono habitado antzerki konpainiak ¡Ave, osos! izeneko komedia antzeztuko du gaur Aita Mari zinean. Emanaldia 19:00etan hasiko da, eta azken sarrerak salgai daude turismo bulegoan. 

Osasun krisialdiaren ondorioz hartutako neurriak direla eta, sarrerak turismo bulegoan bakarrik daude salgai. Hau da, aretoko leihatila ez da irekiko antzezlan honetarako. Sarrerak 9,5 euroan daude salgai, 6 euroan gazte txartelarekin. 18:00ak arte erosi ahal izango dira sarrerak. 

Sinopsia

Etxe bat obretan, non “hartz” bikote bat bizi den, bi gay 40ak pasata. Leihotik ustekabeko bisita dator, Mesias berriaren etorrera iragartzen dien usoa. Baina ez hori bakarrik, haiek guraso izateko aukeratuak izan direla ere esango die. Ahalguztidunaren saiakera bat da gutxiengoetara hurbiltzeko.

Deseina, mirari eta haurdunaldi psikologikoen artean, pertsonaiek gizarte-eredu berri batez eztabaidatzen dute. Hori guztia, umoretan bildua, maitasuna bizitzeko beste modu batzuk jorratzeko, topikoez harago.