Baditu saridunak 33. Julene Azpeitia ipuin lehiaketak

Dorleta Agiriano Lai 2020ko aza. 26a, 17:59

Inoiz baino lan gehiago aurkeztu dituzte aurten: 74. Hiru ipuin saritu dituzte, eta abenduaren 3an izango da sari banaketa ekitaldia, Aita Marin.

Irailaren 30ean amaitu zen aurtengo Julene Azpeitia lehiaketara lanak aurkezteko epea. Udalaren esanetan, inoiz baino lan gehiago jaso dira hogeita hamahirugarren edizio honetan; hain zuzen, 74. Sei zumaiarrek hartu dute parte oraingoan.

Epaimahaia azaroaren hasieran elkartu zen aurtengo sarituak erabakitzeko. Ana Urkizak, Castillo Suarezek eta Josu Waliñok osatu dute epaimahaia, eta haien ebazpenaren arabera, aurtengo lanik onenak dira Amaia Iturriotzen, Urt Zubiaurreren eta Angel Galloren ipuinak.

Estreinakoz, Iturriotzentzat izan da aurreneko saria (3.000 euro), Ibaiak gainez lanarengatik. Zubiaurrek bigarren saria (1.500 euro) eskuratu du Ganbara izeneko ipuinarekin, eta Gallok, aldiz, Zumaiako onenaren saria lortu du. 20 urte eta gero lana aurkeztu zuen lehiaketara.

Abenduaren 3an, Euskararen Eguna, banatuko dituzte aurtengo Julene Azpeitia sariak. 19:00etan izango da ekitaldia, Aita Mari zinema aretoan. Sari banaketaren ostean, Agur eta dolore antzezlan laburra ikusteko aukera izango da Aita Marin bertan, Kamikaz Kolektiboaren eta Ttak! Konpainiaren eskutik. Bertaratzeko asmoa dutenek Turismo Bulegoan jaso beharko dute gonbidapen txartela.