Herriko Irisgarritasun Plana osatzeko galdetegia abiatu du udalak

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 26a, 11:34
San Jose kaleko eskailerak.

Zumaiako Irisgarritasun Plana osatzeko parte hartze prozesua abiatu du udalak. Udal eraikinak, espazio publikoa, garraioa zein komunikazioa aztertuko dira, irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin. Hasteko, galdetegi bat betetzera gonbidatu ditu herritarrak. Abenduaren 6ra arte dago inkesta hau betetzeko epea.

Herria irisgarriagoa egiteko asmoz plana osatu nahi du Zumaiako Udalak, eta horretarako zenbait elkarterekin bildu da dagoeneko. Horretaz gain, herritarren iritzia ere jaso nahi du, eta horretarako inkesta bat betetzeko aukera dute hauek. 

Udalak azaldu duenez, parte hartze prozesua lau atal nagusitan zentratuko da. "Alde batetik, kaleetan eta espazio publikoan jarriko dute arreta, hiri-altzarien (txokoak, bankuak, iturriak, lorontziak, paperontziak, edukiontziak, postontziak...) diseinua eta kokapena aztertuz. Atal berean eskailera, arrapala, oinezkoentzako pasabide, komun publiko zein igogailuen egokitasuna landuko dituzte. Bestetik, 31 udal eraikin aztertuko dira, sarrera eta irteerak, barne-komunikazioa, bulegoak zein higiene-zerbitzuak aztertuz. Halaber, autobus-geltokien eta mugikortasun urriko pertsonentzako aparkalekuen gaia ere aztertuko dute".

Komunikazioan ere arretan jarriko dutela azaldu du udalak, "seinaleek zein Udalaren webguneak oinarrizko baldintzak betetzen ote dituzten aztertuz. Adierazleak, errotuluak, piktogramak eta bestelakoak aztertuko dituzte atal honetan". Behin proposamenak jasita, hobetze lanak gauzatuko dituzten, "pixkanaka, lehentasunen arabera".

Lehen pausua herritarren iritzia jasotzea izango da. Udala zenbait elkarterekin harremanetan dago dagoeneko, baina horretaz gain, herritar orok eman ahal izango du bere iritzia inkesta bat beteta. Galdetegia betetzeko azken eguna abenduaren 6a izango da.