Elkarretaratze jendetsua indarkeria matxistaren kontra

Onintza Lete Arrieta 2020ko aza. 25a, 20:46

200 zumaiar inguru elkartu dira gaur, Azaroak 25, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean, Ez zaizkigu kontuak ateratzen... Hartu dagokizuen erantzukizuna lelopean. Elkarretaratze isila egin dute Beheko plazan, eta amaieran, testu bat irakurri dute.

Azaroak 25 ditu gaur, eta urtero bezala, indarkeria matxistaren aurka protestara atera dira hainbat eta hainbat herritar gaur iluntzean. 200 lagun inguru bildu dira Beheko plazan, ilara luzeak osatuz, Ez zaizkigu kontuak ateratzen... Hartu dagokizuen erantzukizuna zioen pankartaren atzean.

Elkarretaratze isila izan da, baina amaieran irakurri dute testua, eta bertan azaldu dute pankartaren esanahia. Antolatzaileen arabera, emakume guztiek jasan dute erasoren bat, eta denok ezagutzen ditugu emakume erasotuak; gogorarazi dute mila eratako erasoak daudela, Ordea, inork ez ditu ezagutzen erasotzaileak, nahiz eta gehienetan gertukoak izaten diren biktima eta erasotzaileak. Horren aurrean, ardurak hartzera deitu dute. "Ezinbestekoa da gizonek dagokien ardura hartzea. Nazkatuta gaude zuen axolagabetasunarekin, erasotzailea den laguna babesteko beharrarekin, bikotearekin dituzuen jarrera kontrolatzaileekin eta edozein emakumeri buruz botatzen dituzuen komentarioekin. Jarrerak aldatu eta hartu dagokizun erantzukizuna", aldarrikatu dute.

Instituzio publikoei, berriz, eskatu diete "lehentasun politiko gisa" hartzea indarkeria matxista, eta epaile, polizia eta komunikabideei, berriz, ez biktimizatzeko emakumeak: "Ez dugu zuen errukirik behar. Indarkeriarik gabeko bizitzak eraikitzeko neurriak eta erantzukizuna exijitzen ditugu, orain".

Bereziki gogoan izan dituzte egoera erregularrean dauden emakume langileak, eta azpimarratu dute koronabirusaren krisiak are egoera larriagoan utzi dituela milaka emakume. Bai zaintza arloan lan egiten dutenak, bai etxean indarkeria motaren bat jasaten ari direnak. Hain zuzen, atzo gai hori jorratu zuten Sheila Melcon adituak eskainitako hitzaldian.

Datozen egunetan ere landuko dute indarkeriaren gaia Zumaian. Honakoa da egitaraua:

Azaroak 26, osteguna
18:00. Euskal demokrazia patriarkala liburua aurkeztuko du Jule Goikoetxeak. Alondegian, euskaraz.

Abenduak 10, osteguna
19:00. Zinegoak zikloko filma: Indianara.
Aita Mari zineman, euskaraz.

Argazkiak: Juan Luis Romatet