Gaur hasiko da Klarinete Maratoia, bi fasetan banatuta

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 25a, 08:01
Piano eta klarinete kontzertua izango da larunbatean, Komentuan

Gaur hasiko da XIX. Klarinete Maratoia, banakako ikastaroekin. Pandemia dela eta, jaialdiko lehen fasea egingo dute aste honetan. Bigarrena datorren urtean izango da.

Pandemiaren bigarren olatuak bete-betean kolpatu zuen Zumaia, eta horrek eragina izan zuen herriko kultur egitarauan. Urriaren erdialdetik aurrera izandako positiboen igoerak hainbat ekitaldi bertan behera uztera behartu zuen Zumaiako Udala. Gaur hasiko den XIX. Klarinete Maratoiak aurre egin zion olatuari, baina aldaketekin dator; izan ere, bi fasetan banatu beharko dute aurtengo jaialdia. Gaur hasi eta igandera bitartean banakako klaseak eta kontzertua izango dira; egitarauko bigarren zatia, berriz, datorren urtearen hasierara atzeratu beharrean izango dira antolatzaileak.

"Protokolo guztiak zehatzmehatz jarraituko ditugu", azaldu du Marixi Sesma Klarinete Maratoiaren antolatzaileak. Gaurtik igandera bitartean egingo da aurtengo ekinaldia, azken hemezortzi urteetan egiten den hemeretzigarrena –urte batean bi maratoi egin ziren–. Zumaiako Udaleko Musika Bandak klarinete jotzaile gutxi zituen garaian sortu zuten ekimena, baina ordutik aldaketa ugari izan ditu; behin hasierako asmo haiek beteta, «esperimentazioko foro» bezala ikusten dute antolatzaileek maratoia. Pozik dira Sapere Aude Sinfoniettako antolatzaileak ia bi hamarkadatan egitasmoak eman duenarekin; ez bakarrik denbora horretan pasatako ikasle kopuruagatik, baita klarinete familiaren ezagutza handitu delako ere. «Lehen inork ez zekien zer zen klarinete altu bat edo baxu bat. Orain klarinete familia osoaz hitz egiten da».

Musika jaialdia egingo bada ere, hasiera batean aurreikusita zegoenarekin alderatuta, aldaketak izango dira. Antolatzaileen asmoa zen maratoi osoa bost egunotan egitea. Dena den, pandemiak, edo, hobeto esanda, pandemiaren ondorioz hartutako neurriek bestelakoa ekarri dute. Gaurtik igandera bitartean egingo dira jaialdiko ekintza batzuk, eta urtarrilean edo otsailean (oraindik zehaztu gabe dute), beste guztiak.

Internet bidezko edukiak

Lehenengo fasean, banakako klaseak, klarineterako eta pianorako errepertorioa duen kontzertua eta online edukiak izango dira. Carlos Casado klarinetista valentziarra arduratuko da, ohi bezala, banakako klaseez. Espainiako Orkestra Sinfonikoko kidea da Casado, eta maratoiaren hasieratik izan da Zumaian instrumentu horien inguruko saioak ematen.

Horrez gain, datorren larunbatean, kontzertua emango du Casadok Javier Perez de Azpeitia piano jotzailearekin batera, Komentuan. Klarinetearentzako eta pianoarentzako sortutako errepertorioa joko du bikoteak, 19:00etatik aurrera. Gonbidapenak turismo bulegoan hartu beharko dira.

Birusak gauzak erraz jarriko ez zituela bazekiten antolatzaileek, eta, horregatik, Internet bidez lantzeko moduko materiala sortzeko eskatu zieten irakasleei. Irakasleek podcast batzuk grabatu dituzte eta ikasleei igorriko dizkiete haiek etxetik landu ditzaten. «Audio artxibo horiek etorkizunean ere erabilgarriak izango dira; ez dira une honetarako bakarrik sortuko». Alderdi pedagogikoari buruzko online solasaldia ere prestatuko dute.