Euskaraldia 2020

"Ereiteari uzten badiogu, laster iraul litezke datuak, eta gaur arnasgune duguna, bihar zainketa berezien unitatean aurkitu"

Baleike 2020ko aza. 23a, 11:59

Euskaraldiko Azpeitiko eta Zumaia-Getariako koordinatzaileak dira Imanol Amiano eta Sara Saizar. Azken hori, Gipuzkoa mailako koordinatzailea ere bada. UKTren Euskaraldiko gehigarrian argitaratu da elkarrizketa hau.

Zein da Euskaraldiaren aurtengo asmoa edo helburu nagusia?
S.Z: Aurreneko edizioaren helburu berbera du Euskaraldiaren bigarren edizio honek: hizkuntza ohiturak aldatzea eta inertziak astintzea. Aurten hamabost egunez izango da Euskaraldia eta, norbanakoez gain, kolektiboek ere parte hartuko dute. Horrela, salto bat eman nahi dugu euskararen erabileran.

I.A: Euskaraldiaren helburu nagusia euskararen erabilera sustatzea da, dakitenek ahalik eta esparru eta une gehienetan erabil dezatela, eta, era berean, ulertzen dutenek beraiei euskaraz egin diezaiekegula adieraztea; ñabardurak ñabardura, horiek dira, hain zuzen ere, ahobizi eta belarriprest rolak. Sarak esan bezala, aurtengo xede nagusia da erabilera-esparruan koska bat gora egitea, eta norbanakoez gain, mota guztietako entitateetara zabaltzea: enpresa, denda, taberna eta kirol zein kultur arloko taldeetara.

Berritasuna hor dago, beraz.
S.Z: Ariguneak dira aurtengo Euskaraldiaren berritasun nagusia. Esan bezala, norbanakoez gain, kolektiboetara iritsi nahi dugu aurten. Hala, entitateek ere izena eman dute, eta entitateez hitz egitean, gizarte eragile, enpresa, establezimendu, ikastetxe eta abarrez ari gara. Horrela, ahobiziz eta belarriprestez osatutako ariguneak izango ditugu inguruan, euskaraz lasai aritzeko gune babestuak sortuz.

I.A: Euskaldunok konplexuz betetako hizkuntza jarrerak dauzkagu. Lehendabiziko edizioak, neurri batean behintzat, hainbat aurreiritzi astintzeko balio izan zuen; esate baterako, aurreneko hitza euskaraz egiteko. Aurtengoa, hizkuntza ohitura berriak lan-mundura eta aisialdira hedatzeko ahalegina da. Badakizu, gehiago, gehiagorekin, gehiagotan.

Arigunea kontzeptua zehatzago azaltzerik bai?
I.A: Demagun enpresa bateko sail bateko bilera dagoela: bada, helburua da bilera euskaraz egitea eta ez daitezela oztopo izan gaztelaniaz hitz egin arren, euskaraz ulertzen duten langileak. Hori da arigunea. Ohikoena, izan ere, bilera gaztelaniaz egitea da. Baita denda edo taberna batera joan eta euskaraz arazorik gabe eskatzea ere. Erdaraz aritzeko ohitura horiek astintzeko asmoz sortu dira ariguneak.
S.Z: Ariguneek euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, izan entitate barruan, edo izan entitateek herritarrekin duen harremanetan. Ariguneetako kideak ahobizi edo belarriprestak izango dira, eta ariketa modu kolektiboan egingo dute egun horietan.

Arigune bezala izena eman duten enpresetako langileek eman al dezakete izena belarriprest edo ahobizi gisa?
S.Z: Bai, gogoratu behar dugu ariguneak osatzeko gutxieneko baldintza euskaraz ulertzea dela; ariguneak ahobiziz eta belarriprestez osatuta egongo dira. Beraz, garrantzitsua da ariguneetan parte hartuko duten horiek, norbanako gisa ere izena ematea, hau da, ahobizi edo belarriprest bezala.
I.A: Eman beharra dute izena, hori da. Ariguneetan parte hartzeko oniritzia ematen dutenean, belarriprest edo ahobizi rola bereganatzen dute, baina norbanako gisa ez dira inon ageri. Horretarako, noski, izena eman beharra daukate.

COVID-19aren eragina zertan ari da nabaritzen gehien Euskaraldia?
I.A: Martxoan hasi behar genuen entitateekin lanketak egiten, enpresetara joaten, bilerak eta hitzaldietarako deialdiak egiten… Eta parez pare jo gintuen pandemiak. Dena bertan behera geratu zen, eta, harrezkero, ezin izan dugu nahi genuen bezala lan egin.
S.Z: Ukatu ezin den zerbait da pandemiak denoi denean eragin digula, eta Euskaraldian ere, ezbairik gabe, izan du bere eragina. Alde batetik, Euskaraldia antolatzeko prozesua atzeratu zigun eta, bestetik, etengabe egoerara moldatzen aritu behar izan gara. Dena dela, batzordeak uneoro jarraitu du tinko, eta garai zailak izan arren, elkarlanean, Euskaraldia ariketa soziala egiteko ilusioa eta baliabideak ikusten ditugu.

Etxealditik Euskaraldira ekimena ere egin zen. Zer balorazio egiten duzue?
I.A: Saiakera polita izan zen, saiatu ginen sare sozialen bidez herritarrek parte har zezaten, baina iruditzen zait denok beste lehentasun batzuk genituela. Denda itxi edo konfinatuta egon, eta bueltakoan zure lanpostua hor edukiko duzun ez dakizunean, beste guztia gutxi axola zaizu. Beharbada, aukera eduki izan bagenu itxialdia gauzatu aurretik Euskaraldiaren inguruko dinamikak egiteko, proposatutako ekimenek oihartzun handiagoa izango zuketen. Hala ere, kolorezko puntu batzuk ikus daitezke oraindik ere hainbat leiho eta balkoitan.

S.Z: Horrela da. Ez ziren garai errazak izan, baina ahal izan genuena egin genuen. Garrantzitsua da horrelako krisialdietan euskara erdigunera eramatea, eta Etxealditik Euskaraldira ekimenak horretarako balio izan zuen. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo dugun entrenamendu gisa balio izan zigun; non hobeto, ohiturak etxean aldatzen hastea baino?

Izen-emate datuetan izan du eraginik izurriteak? Nola doaz datuak duela bi urtekoekin alderatuz?
S.Z: Baikor gaude, jendea ari da izena ematen. Gure helburua ekindako bideari jarraipena ematea da; beraz, hemendik animatzen dugu euskaraz ulertzen duen edonor Euskaraldian parte hartzera.
I.A: Izango zuen, dudarik gabe. Baina Euskaraldia ikusarazteko eta jendearengana iristeko ditugun arazoak kontuan hartuta, izen-ematea martxa onean doala esango nuke.

Talde eta egituren lana ere nabarmentzekoa da. Nola baloratzen duzue horien lana?
S.Z:
 Ezinbestekoa izan da guretzat talde eta egituren lana. Oro har, oso jarrera positiboa izan dute. Egia da lehendik ezagutzen zutela Euskaraldia, eta guk motibatuta, aurkitu ditugu Euskaraldian parte hartzeko.
I.A: Azpeitiko kasuan, berebizikoa izan da Udalaren babesa eta ekimena, are gehiago bizi dugun egoera kontuan hartzen badugu. Herriko Bertan merkatari elkartetik jaso dugun inplikazioa ere azpimarratu nahi dut, eta, dudarik gabe, edozertan laguntzeko prest dagoen boluntario multzo hori gabe ere ezinezkoa zatekeen, inondik inora, lortu duguna lortzea: 200 entitatek izena ematea.

Urola Kosta da Euskal Herriko eskualderik euskaldunenetakoa. Zer eman diezaioke Euskaraldiak eskualdeari, eta alderantziz, eskualdeak Euskaraldiari?
S.Z: Hizkuntza bat bizirik jarraitzeko erabili egin behar da, eta horrelaxe jarraitzea da garrantzitsua. Egia da Urola Kostako udalerriak oso euskaldunak direla, baina horrek ez du esan nahi oraindik zer hobetu ez daukagunik. Beraz, horri eusten saiatuko gara.
I.A: Egitasmoaren fokua beste zonalde batzuetan ipintzen da, eta normala da; ez alferrik, Azpeitian, esaterako, %80tik gorako erabilera dugu, eta iruditzen zaigu egitasmo honek gurean ez duela ibilbide gehiegirik, gehiengo erdalduna edo erdaldun kopuru handia duten guneei begira pentsatuta dagoela. Ereiteari uzten badiogu, ordea, laster iraul litezke datuak, eta gaur arnasgune duguna, bihar zainketa berezien unitatean aurki genezake, hodia jarrita. Bestalde, gure eskualdea eredutzat har litekeelakoan nago. Normaltasun osoz, natural euskaraz egin litekeela irudikatzeko, eta jarrera berriak esportazteko erdarak nagusi diren lurraldeetara.