Preso eta iheslariak etxeratzearen alde, herritar ugari bildu da Magnoliopean

Maria Maya Manterola | Dorleta Agiriano Lai 2020ko aza. 22a, 14:53

Sareren '#IzanBidea' ekimenaren barruan, elkarretaratzea egin dute gaur, larunbata, Magnoliopean. Preso eta iheslariak etxeratzeko "urjentziazkoak diren hainbat pauso" eskatu dituzte.

Sare herritarraren #IzanBidea ekimenaren barruan, euskal presoak eta iheslariak etxeratzearen aldeko mobilizazioak izan dira asteburuan hainbat herritan. Zumaian ere kalera atera dira herritarrak, espetxe politika salatu eta presoen auziari behin betiko konponbidea ematea eskatzeko.

Antolatzaileek mobilizazioen harira kaleratutako irakurketan azpimarratu dutenez, "espetxeetako egoerak ere okerrera egin du COVID-19aren ondorioz, bai preso direnen, bai bisitara joaten diren senideen egoera zailduz". "Horregatik batu gara gaur ere, guztion artean oinarrizkoak, urgentziazkoak eta beharrezkoak diren pausoak eman daitezen", azaldu dute. Hala, "salbuespen espetxe politika amaitzearen beharra aldarrikatu eta hainbat eskakizun zehatz egin dituzte; besteak beste, "larriki gaixo diren presoen kaleratzea", "urrunketa politikaren amaiera", "gradu progresioa", "zigorren batuketa" nahiz "bakartuak diren emakume presoen bateratzea".

"Une historikoa"

Sareko kideek adierazi dute "une historiko baten aurrean aurkitzen garela": "Batetik, Euskal Herri mailan salbuespen legedia bertan behera geratzeko lortutako adostasun eta akordioak gehiengo politiko, instituzional, sindikal eta soziala batzen duelako; eta bestetik, bai Madrilen bai eta Parisen, espetxe politika aldatzeko borondatea agertu dutelako lehenengoz, nahiz eta eman diren urratsak, arnasgune izanda ere, nahikoa ez izan". "Aukera probestu beharrean gaude", diote.

""Egoera zaila izan arren eta guztion segurtasuna dela-eta, arduraz jokatzea dagokigun arren, "hilabete zail hauetan guztietan aktibo" egon direla nabarmendu dute Sareko kideek. Aurtengo Izan Bidea dinamikaren bidez, "milaka herritar urratsak ematen hasi" direlakoan daude; "preso eta iheslarien etxerako bidea egiteko urratsak emanez, elkarbizitza eta bakea eraiki ahal izateko urratsak emanez".