Abian da 'Gabonetako Errotaherria' deskontu kanpaina

Maria Maya Manterola 2020ko aza. 21a, 11:30

Herriko dendetan 15 euroko erosketagatik 5 euroko deskontua egingo diete bezeroei. Etxera eramateko zerbitzua duten jatetxe eta tabernetan ere erabili ahal izango dira bonoak.

Herriko komertzioari bultzada bat emateko asmoz, deskontu sistema bat prestatu du Zumaiako Udalak, Gertu elkartearekin elkarlanean. Asteburu honetatik aurrera, herriko establezimenduetan 15 euroko erosketagatik 5 euroko deskontua egingo diete bezeroei, Errotaherria kanpainaren barruan. 

Udalak jakinarazi du itxita dauden taberna eta jatetxeetan ere erabili ahal izango direla bonoak, eta itxita dauden jatetxe eta tabernen kasuan, establezimenduak berriz irekitzeko baimena dutenean egingo dituzte deskontuak. Guztira, 100 establezimendutik gora gehitu da deskontu sistema honetara. 

"Harrera oso ona"

Zumaiako Udalaren arabera, Errotaherria kanpainaren barruan antolatutako deskontu sistemak orain artean "harrera oso ona" eduki du. Udalak 150.000 euro bideratu ditu neurri honetara, eta herritarrei beharrei erantzuteaz gain, tokiko ehun ekonomikoa indartzea izan du helburu. Era horretan, konfinamenduagatik itxi behar izan zuten edota galerak izan zituzten komertzioak lagundu zituen udalak.

Udalaren arabera, plan honekin herriko establezimenduetan 450.000 eurora arteko inpaktu positiboa sortzen ari da. Alex Oliden Tokiko Garapenerako zinegotziaren esanetan, “tokiko merkataritza eta ostalaritzari bultzada ekonomiko bat emateaz gain, herritarren erosketa eta kontsumo ohituretan eragin nahi du udalak”. Izan ere, “ohitura aldaketa horren menpe dago gure taberna, jatetxe eta denden biziraupena”.