Inazio Zearreta: "Urte hasierarako atera dezakete efektiboa eta segurua den txertoa, baikorra naiz"

Juan Luis Romatet | IƱigo Gaiton 2020ko aza. 21a, 17:30

Inazio Zearreta (Zumaia, 1973) anestesista da ofizioz, eta duela hamazazpi urte ekin zion Zumarragako ospitalean lan egiteari. Izurritearen gainean aritu da elkarrizketan, gaixoekin lan egiteak ematen dion esperientziatik.

Gaur gaurkoz, zer nolako egoera duzue ospitalean?
Oraintxe, beteta dugu: koronabirusak jotako pazienteekin edukiera erdia, eta gainontzeko gaixoekin beste erdia. Horregatik, ebakuntza programatu batzuk atzeratu egin behar izan ditugu. Dena den, badira salbuespenak: ebakuntza onkologikoak egiten ari gara, eta ebakuntza egin eta egunean bertan etxera bidaltzen diren pazienteenak ere bai. Ahalik eta ohe gehien libre mantentzea da horren helburua.

Azken asteotan, ospitalea ikusi al duzu gainezka egiteko arriskuan?
Oraingoz ez da kolapsorik, baina kutsatu kopuruak aurreko asteetako erritmoan egiten badu gora, gerta liteke gainezka egitea, bai. Ondo bidean, eta azken neurriek funtzionatzen badute, izango dugu gaitasuna egoerari eusteko, baina okertuz gero, estu ibiliko gara.

Zer desberdintasun nagusi dituzte aurreneko olatuak eta bigarrenak?
Udaberrikoan, Zumarragan eta inguruetan ez zen kasu askorik izan. Ordiziako zaharren egoitza batean gertatu zen agerraldirik larriena, eta hildako dezente eragin zituen. Gainontzean, nahikoa ondo eutsi genion. Orain, berriz, gure eskualdea gogor kolpatu du bigarren olatuak, eta ospitalean presio handiagoa atzeman dugu.

Maila orokorragoan, esan daiteke orain baliabide gehiago eta birusaren ezagutza handiagoa ditugula izurriteari aurre egiteko. Izan ere, martxokoa eromena izan zen. Ziurgabetasunak erabat harrapatu gintuen, eta zorionez, guk beste hainbatek baino denbora gehiago izan genuen gainera zetorkigunaren ideia egin eta pixka bat prestatzeko. Araban, urrutira joan gabe, gu baino dezente okerrago ibili ziren. Gure kasuan, aukera izan genuen ospitalea zatikatzeko eta koronabirusak jotako gaixoak isolatzeko.

Eta tratamenduei dagokionez, izan al da eboluziorik?
Aurreneko olatua pasatakoan, nazioarteko medikuen artean esperientziak elkarbanatzeko aukera izan genuen, eta horrek pixka bat lagundu du. Orain, protokolo orokor bat dago ezarrita, zeinak pazienteak nola artatu zehazten duen. Gero, ospitale bakoitzak aukera du moldaketa txikiak egiteko.

Izurriteko lehen boladan, antibirikoak erabiltzen ziren, baina denborarekin ikusi dugu horrek ez duela efekturik egiten COVID-19aren aurka. Gainera, albo-kalteak ere eragiten zituzten. Orain, ez da jartzen tratamendu handirik: oxigenoa, eta kasu larrietan, kortikoideak. Antikoagulanteak ere erabiltzen dira, zirkulazioari ere erasaten diolako birusak batzuetan.

Eta intubazioa noiz ematen da?
Kasurik larrienetan. Pazienteari oxigeno maila jaisten zaionean, tubo txikia jartzen zaio sudurrean, eta horrekin artatzen hasten gara. Gero, oxigeno gehiago behar bada, maskara jartzen zaio, eta horrekin ez bada nahikoa, beste aparatu batzuk erabiltzen dira.

Horren guztiaren ondoren pazienteak ez badu hobera egiten, intubaziora jotzen da, pazientea koma farmakologikoan jarri eta gero.

Beti lokartzen al da gaixoa tuboa jarri aurretik?
Bai, nagusiki bi arrazoirengatik: batetik, eztarrian jasan beharreko mina oso handia litzatekeelako lokartu ezean, eta bestetik, lo egonda oxigenoa hobeto sartzen zaiolako. Gorputzak ez du erresistentziarik jartzen.

Denbora mugarik ba al da egoera horretan egoteko?
Ez, kasu bakoitzak agintzen du. Intubazio egoera bizpahiru astez luzatuz gero, trakeotomia bat egin behar izaten zaio pazienteari, tuboak ahots kordetan eragin ditzakeen lesioak eragozteko.

Aldatu al da pazienteen tipologia hilabete hauetan guztietan?
Ez gehiegi. Nagusiki, 60 edo 70 urtetik gorakoak dira ospitaleratutako gaixo gehienak. Gero, 40tik 60 urtera bitartekoak ere badaude, eta tokatu zaigu intubazioa 35 urtekoren bati ere egitea.

Ez da, beraz, zaharrei bakarrik eragiten dien gaixotasuna.
Ez, inolaz ere ez.

Medikuon artean ere oraindik zalantza ugari eragiten du birusaren jokaerak, ezta?
Bai, erabat. Oraindik ez dakigu zergatik den hain erasokorra batzuekin, eta besteekin ez. Esaten da faktore batzuk eragiten dutela —pazientearen profil genetikoa, elikadura, kirolaria den edo ez...—, baina zaila da logika baten barruan sartzea.

Azken albisteen arabera, gero eta gertuago egon daiteke txertoa. Hura al da zuen esperantza nagusia?
Bai, dudarik gabe. Ni txertoen aldekoa naiz. Adibidez, urtero hartzen dut gripearena, eta baikor nago datozen hilabeteei begira. Txertoa ez dute emango segurua ez bada, horretaz seguru nago.

Nire iritziz, hurrengo urte hasierarako aterako dute efektiboa eta segurua den txertoa.

Hilabete hauen guztien ondoren, zer nolako giroa duzue lankideon artean?
Udan deskantsatzeko aukera izan genuen, oporrak hartzera behartu gintuztelako. Lankideon artean elkartasun handia dugu, besteak beste, erietxe txikia delako gurea. Halako tokietan lankideon arteko komunikazioa eta giroa atseginagoa izaten da ospitale handiagotan baino, eta oso gustura nago Zumarragako ospitalean.