Deba eta Zumaia arteko garraioa autobusez egingo da datorren asterik aurrera

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 20a, 16:29

Zumaia eta Deba arteko tren zerbitzua etenda egongo da asteartetik aurrera, bi herri horietako geltokien artean egiten ari diren konpontze lan batzuk direla eta. Bitartean, zortzi aste inguruan, autobusez egingo da bi herrien arteko garraioa. 

Deba eta Zumaia arteko tren zerbitzua etenda egon zen urte erdi inguruan luizi batek Sakoneta pareko tunel bat kaltetu ondoren. Luizia izan eta urtebetera berriro etengo dute tren zerbitzua bi herrien artean. Oraingo honetan zortzi aste inguru iraungo duela iragarri du Euskal Trenbide Sareak (ETS), azpiegituren kudeatzaileak. Lanak egiten dituzten bitartean kostaldeko bi herri horien arteko garraian autobusen bidez egingo da. 

Bilbo-Donostia tren lineako sei tunel berrituko dituzte Deba eta Zumaia artean. ETSk adierazi duenez, lan horien helburu nagusia Santa Katalina, Itxaspe, Atxuribi, Sakoneta I, Sagarbide eta Baiona tunelek dituzten egiturazko arazoak konpontzea izango da. Obrak egiteko bi hilabeteko epea dago ezarrita, eta esleitutako aurrekontua 1,5 milioi eurokoa da, BEZ aparte.

Asteartetik aurrera

Asteartean, hilaren 24an, etengo dute zerbitzua. Lanek irauten duten bitartean, astelehenetik ostiralera, lanegunetan, garraio aldaketa egin beharko da Debako eta Zumaiako estazioetan, bi noranzkoetan. Larunbatetan, igandetan eta jaiegunetan, Bilboko noranzkoan, bus zerbitzua egongo da Zumaia eta Kukullaga (Etxebarri) artean, eta geltoki horretatik trenez jarraituko da. Donostiarako noranzkoan, aldiz, Debako estazioan egingo da garraio aldaketa, eta Zumaian berriro trena hartuko dute bidaiariek. 

Autobus geralekuak hauek izango dira:

  • Deba: Geltokiaren ondoan.
  • Arroa: N-634 errepideko autobus geralekua.
  • Zumaia: Geltokiaren ondoan.

Bidaiariak ohiko ordutegia baino 30 minutu beranduago helduko dira jomugara. 

Garraiorako baldintzen berri ere eman du ETSk. Hala, bizikletak, surf taulak, tolestutako haurren kotxeak eta maskotak bere kaioletak autobuseko maletategian eramango dira.