Ana Etxabe: "Zineman askoz ere gehiago zaintzen da azken produktua"

Mireia Galarza 2020ko aza. 21a, 09:00

Ana Etxabe (Zumaia, 1974), produkzio lanetan dabil gaur egun. Koronabirusak bat-batean harrapatu badu ere, konfinamendua amaitu berritan ekin zion berriro lanari, eta hainbat proiektutan dabil egun. Orain dela gutxi estreinatu duten Hil Kanpaiak filmean ere egin du lan, eta “gustura” aritu dela dio bertan.

Kameren atzealdean egiten du lan Etxabek, eta ikusleek sumatzen ez dituzten hainbat xehetasun eta pasadizoren lekuko izan da Etxabe urte hauetan guztietan. 

Zer harreman daukazu zinemarekin?

Egia esan, betidanik gustatu izan zait zinema, eta beti saiatu izan naiz zinema asko kontsumitzen. Gaztea nintzela ikus-entzunezko komunikazioa ikasi nuen, eta ikasketak amaitu berritan, telebista munduan ibili nintzen lanean. Madrilen pasatu nituen bi urte bertako telebista proiektu batean lanean, baina hirian bizitzeak ez ninduen asko konbentzitu, eta lanean nenbilen proiektua ere ez zenez uste bezala irten, berriro etxera itzuli nintzen. Behin hemen, ETBn hasi nintzen lanean, baina zinema munduan suertatu zitzaidan aukera bat, eta saltoa ematea erabaki nuen. Egia esan, ikasketak egin nituenean ez nuen espero zineman lanean amaituko nuenik, ez nuelako ikusten graduaren eta zinema munduaren arteko harreman zuzen-zuzenik. Hala ere, aitortu beharra dut, beste xarma bat duela zinemak, ekoizpen prozesu guztia ikusteko eta bizitzeko aukera dugulako gehienetan, eta hori pila bat gustatzen zait niri.

Kontuan hartu behar dugu Euskadik geroz eta zinema industria indartsuagoa duela, teknikari oso onak daude, eta beti da plazer bat beraiekin lan egiteko aukera izatea

Zer du zinemak telebistak ez duenik?

Zineman gehiago zaintzen da azken produktua, sormenari ere askoz leku gehiago ematen zaio eta lan prozesua ere motelagoa da gehienetan. Egia da ekoizpen maila desberdinak daudela, baina telebistan azkarrago egiten dira gauzak, eta horrek beste hizkuntza bat menperatzea eskatzen du. Horrekin ez dut esan nahi okerragoa denik, baina niri gehiago gustatzen zait zinemako lana. Horretaz gain, kontuan hartu behar dugu Euskadik geroz eta zinema industria indartsuagoa duela, teknikari oso onak daude, eta beti da plazer bat beraiekin lan egiteko aukera izatea. Gainera, proiektu asko daude, eta sektorean tartetxoa egiten duzunean, esango nuke ibilbide profesionalarekin jarraitzeko aukera asko daudela.

Ekoizpenean egiten duzu lan, zer da ekoizpen teknikari batek zehatz-mehatz egiten duena?

Proiektuaren tamainak baldintzatzen du ekoizpeneko teknikari baten lana. Proiektu handietan ardura oso zehatzak izaten ditugu, baina txikienetan, aldiz, familia bat osatzen dugu grabaketako kide guztien artean eta ardura gehiago hartzen ditugu. Hala ere, orokorrean, logistika kontuak lantzen ditugu, puzzleko piezak ondo elkar daitezen: lokalizazioak aukeratu, otorduak lotu eta kudeatu, lantaldearekin elkartzeko puntuak zehaztu, grabaketa egin ahal izateko ibilgailuek non aparkatu dezaketen jakin, grabaketa bakoitzean zer tresna behar diren ikusi eta lotu… Azkenaldian, nire ardurak mugikortasunarekin lotutakoak izan dira. Hemen inguruan kanpoan grabatzen da asko, eta ondorioz, grabaketako kide guztiok alde batetik bestera mugitu behar izaten dugu. Astuna izan daiteke lana, produkzio langileok ireki eta ixten baititugu lokalizazioak, goizean goiz hasi eta amaitu arte, baina niri, behintzat, harrapatu egin nau lanbide honek. Egia esanda, oso lan teknikoak dira, eta badirudi ez duela alde artistikotik ezer, baina azken finean, gure lana oso garrantzitsua da grabaketak ondo joan daitezen. Egunekoa ondo ateratzen ari dela ikusten dugunean ez gara lasaitzen, hurrengo egunekoa pentsatzen hasten gara eta orduan. Horregatik, nire ustez ekoizpen teknikari on batek eragina izan dezaketen faktoreak ondo kontrolatzen jakin behar du, aldaketak badaude erantzun azkarrak eta zuzenak emateko.

Hainbeste zeregin izanda, izango duzu kontatzeko anekdotarik, ezta?

Askotan errepideetan grabatzea tokatzen zaigu, eta kontrakoa pentsatu arren, arriskutsua izan daiteke guretzat ere. Izan ere, ekoizpeneko teknikariok egoten gara askotan trafikoa zuzentzen, polizien pare, txalekoa, txistua eta seinaleekin, eta ez gara jabetzen zerbait gaizki eginez gero, izugarrizko aldrebeskeria egin dezakegula. Arrisku horrek beldurra ematen du, bai gerta daitekeen istripuagatik, baita grabaketan izan ditzakeen ondorioengatik ere. Grabaketan bertan daudenentzat beste lokalizazio bat gehiago izango da ziur aski, baina tentsio momentuak bizi izan ditugu guk bertan. Zorionez, inguruan dauden gidariek ulertzen gaituzte gehienetan, baina ikusi izan dugu urduritasunak jota bozina behin eta berriz jo digunik ere. Gainera, leku publikoa denez, horretarako paperak lortzea ere oso zaila izaten da, garaiz eskatu behar direlako baimenak Trafiko Sailean. Ondoren inprimaki berezi batzuk bete behar izaten ditugu, ondo baino hobeto justifikatuta zer egin nahi dugun. Baiezkoa eman arte, gainera, denbora luze igarotzen da gehienetan.

Denborarekin ikusi dugu guk ez dugula nahi beti urrutira joan lanera, eta hemen ere badaudela aukerak lana sortu eta egiteko

Zure ibilbidean, norekin egin duzu lan?

Inguruko ekoizleekin nahiz estatu mailakoekin egin izan dut lan. Izan ere, gure kasuan ez gara beti enpresa bateko kide, baizik eta proiektuka kontratatzen gaituzte, eta, horrenbestez, enpresa desberdinetarako egiten dugu lan. Nire kasuan, hemen inguruko hainbat ekoizle txikirekin egin dut lan, eta egia esan asko betetzen nau. Izan ere, zinema industria potoloa dagoen arren, ez gara hainbeste bertan gaudenak, eta hemen inguruko proiektuak direnean, asko kointziditzen dugu bertako teknikariekin. Horrekin batera konfiantza sortzen da gure artean, eta lanerako oso positiboa da hori. Denborarekin ikusi dugu guk ez dugula nahi beti urrutira joan lanera, eta hemen ere badaudela aukerak lana sortu eta egiteko. Gainera, gutxi izanda, ez dago Madrilen egon daitekeen konpetentzia mailarik hemen gaudenon artean, eta elkarri laguntzera ohituta gaude. Aitzitik, hiriburu nagusietatik etortzen diren momentuan, pentsatzen dute gure profesionaltasun maila beraienaren azpitik dagoela, baina azkar konturatzen dira hemen ere badakigula lan egiten eta oso profesionalak garela. Hala ere, egia da Madrileko jendearekin-eta kontaktuak izatea garrantzitsua dela, beste proiektu batzuen berri ematen dizutelako. Gainera, askotan, hemengo eta hango ekoizleen artean koprodukzioak sortzen dira, eta horrek indarra eta oihartzuna ematen laguntzen dio telesail edo filmari.

Oraintxe aurkeztu duzue Hil Kanpaiak filma, Zumaian ere grabatu zenutena. Nola gogoratzen dituzu grabaketa haiek?

Imanol Rayorekin lan egiten dudan bigarren aldia da. Oso gaztea da, baina asko daki zinemari buruz. Gainera, grabaketetan oso ondo jakiten du zer nahi duen, eta inprobisazioari ez dio ia lekurik uzten. Plangintza hain ondo jakitea lagungarria da ekoizpen taldearentzako, horrek gure erabakiak ere erraztu ditu eta grabaketetan. Orokorrean, esango nuke oso mutil zorrotza dela, grabaketa estiloa oso garbi duena, baina aldi berean, gertukoa. Hil Kanpaiak filmaren grabaketari dagokionez, gogoratzen dut Zumaiako hilerrian denbora asko pasatu genuela, ez bakarrik grabaketan, aurretik ere bai. Beste edozein lekutan bezala, hemen ere baimena eskatu behar izan genion Udalari, eta uste baino luzeagoa izan zen baimena lortzea. Izan ere, Rayori Zumaiako hilerriaren alde zaharrena gustatu zitzaion, baina bertan zeuden hainbat hilobi zaharren jabeak topatu behar genituen baimena eskatu eta grabaketa egin ahal izateko. Ez zenez izenik agertzen, jabeak topatzen saiatu ginen. Ez genituen aurkitu, eta orduan, legeak hala diolako, BOEn argitaratu genuen eskaera oharra. Epe bat igarota, orduan ere ez zigun inork erantzun, eta azkenean grabaketa egin ahal izan genuen. Zulo bat ere egin nahi zuen Rayok, filmeko protagonista bat lurperatzeko. Hilerriko zelaitxo batean egin behar izan genuen, hor ere, noski, baimena eskatuta. Hala ere, uste baino zulo handiagoa nahi zuen zuzendariak eta inguruan zegoen zuhaitzaren sustraiekin egin genuen topo. Azkenean, ordea, aukera izan genuen grabatzeko eta dena ondo atera zen. Orokorrean, horrelako proiektu txikietan gehiago jartzen duzu zure aldetik, badakizulako ahalegin gehiago egin behar direla gauzak aurrera ondo ateratzeko. Baliabide gutxiago daude, eta ziurrenik gehiago sufritzen dugu, baina bukaerako emaitzek erakutsi didate merezi duela ahaleginak.

Orokorrean, horrelako proiektu txikietan gehiago jartzen duzu zure aldetik, badakizulako ahalegin gehiago egin behar direla gauzak aurrera ondo ateratzeko

Koronabirusak ere eragina izango zuengan, ezta?

Bai, erabat. Alarma egoera deitu zutenean, Iratxeko santutegian ari ginen Amazonerako El Internado telesail famatuaren formatu berritua grabatzen. Kanpoko sekuentziak grabatzeko ez zitzaigun asko falta, eta hori, behintzat, amaituta utzi nahi genuen, ez genekielako berriro noiz ekin ahalko genuen proiektuarekin. Orduan, lanean genbiltzan enpresaren erabakia izan zen ekoizpen taldea kaleratzea. Beraz, hasieran ezin izan genituen kobratu Gobernuak eskaini zituen prestazio ekonomikoak. Langabezia nuen, eta hori kobratzen hasi nintzen. Hala ere, konfinamendua amaitu berritan, segituan ekin genion berriro ere proiektuari, eta guztia grabatzeko aukera izan genuen. Pandemiak, ordea, grabaketa goitik behera aldatu zigun. Enpresak bi PCR proba egin zizkigun grabaketek iraun zuten bitartean, eta hartutako neurriak ere oso zorrotzak izan ziren. Aktoreek, adibidez, ezin izan zuten ia etxetik atera, haiek positibo emanez gero grabaketa hankaz gora jarriko zutelako, eta berriro ere guztia gelditzea eskatzen baitzuen horrek. Gu geu taldeka bereizten ginen, eta lankide batzuekin bakarrik elkartzen ginen. Hala ere, uste baino hobeto egin genuen guztia. Etorkizunari begira, gainera, bigarren denboraldia grabatzea ere aurreikusten dute, Gabonetako oporraldiaren inguruan, eta horregatik, epe motzera proiektu horretan parte hartzeko deituko didatela iruditzen zait. Orain nekazaritza ekologikoari buruzko publizitate kanpaina batean nabil. Azken finean, proiektu batetik beste bat ateratzen da mundu honetan, eta neurri handi batean, segurtasun falta horretara ohituta gaudela esan genezake. Hala ere, lanerako gogoz egoten naiz beti.