Beste lau kasu izan dira Zumaian Osasun Sailaren arabera

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 20a, 14:30

Kasu positiboen beherakada handia izan da eskualdean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera. Asteazkenean emandako 55 kasuetatik 20ra jaitsi da. Hala ere, hazi egin da positiboen kopurua Zumaian, beste lau kasurekin.

Uneren batean gorakadaren bat egon badaiteke ere, olatuaren aparra atzean utzi dugula ondorioztatu daiteke datuei so eginez. Zumaian gorakada txiki bat izan da azken egunotan. Astelehenean ez zen kasurik izan, eta ordutik zortzi kasu zenbatu dituzte Zumaian: bina asteartean eta asteazkenean, eta lau atzo. Kasu metatuen tasak beheran egin du beste behin ere, eta 447,84ko tasa du gaur egun.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, hogei kasu izan ziren atzo Urola Kostan; bezperan emandakoaren erdia baino gutxiago, hain zuzen ere. Izan ere, 55 kasu zenbatu zituzten eskualdean asteazkenean: Azkoitian izandako 21 kasuek igo zuten datua. Atzo, berriz, hiru positibo besterik ez zituzten zenbatu herri horretan. Aipagarria da, baita ere, aspaldiko partez ez zutela kasurik izan Azpeitian. 

Zarautzen izan zituzten atzo kasu gehien –bost kasu–; Zumaian eta Zestoan launa kasu izan ziren, Getarian hiru eta Orio bat. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez zituzten atzo positiborik izan.

 

Eskualdeko intzidentzia tasak ere beheranzko joera du. Oriok du gaur egun intzidentzia tasa handiena –Errezilen atzetik–, 1.303,42rekin; Azpeitiak 1.069,41ekoa du, eta Azkoitiak, semaforo gorria piztuta izanda ere, milatik beherako tasa du: 967,55. 

Hego Euskal Herrian ere beherantz doa positiboen kopurua. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 935 kasu zenbatu zituzten atzo, egindako 14.391 probatan; %6,5ek eman zuen positibo. Bizkaian eman ziren kasu gehien –412 kasu–; Gipuzkoan 407 kasu izan ziren, eta Araban 109.

135 pertsona daude hiru lurraldetako erietxeetako ZIU unitatetan, eta guztira 475 ospitaleratuta. 

Nafarroan, berriz, azken aldiko zenbaki baxuena izan zuten atzo, 138 positiborekin. Guztira 2.065 proba egin zituzten, eta positiboen tasa %6,7koa izan zen.