Elikagaien Bankurako bilketa egiten ari dira, baina aurten txartelen bidez

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 20a, 08:48
Iazko kanpainako irudia.

Gipuzkoako Elikagaien Bankurako bilketa egingo da gaur eta bihar herriko zenbait saltokietan. COVID-19ak eragindako osasun krisialdia dela eta, bilketa fisikorik ez da egingo, eta horren ordez bonoen bidez lagundu ahal izango da. 

Osasun krisialdia dela eta gero eta jende gehiago ari da hurreratzen janari bankuetara laguntza bila. Banku hauek ematen dituzten elikagaiak dira askorentzako irauteko modu bakarra. Biltegietan dauden produktuak ere pixkanaka agortzen joaten dira, eta horretarako, biltegiak berriro betetzeko, Janari Bilketa Erraldoia izeneko kanpainak jartzen dituzte abian urtero. Aurten, baina, COVID-19a dela eta, ez dituzte elikagaiak fisikoki jasoko. Horren ordez, bonoak erosteko aukera izango dute Janari Bankoaren jarduera lagundu nahi dutenek. 

Kanpaina astelehenean abiatu zuten, eta gaur eta bihar izango dira azkeneko egunak. Parte hartu nahi dutenek euro bat, bi, hiru, bost, hamar, hogei, hogeita hamar, berrogei edo berrogeita hamar euroko balioa duten bonoak erosteko aukera dute. Janari Bankoko arduradun eta boluntarioek erosiko dituzte gero elikagaiak jasotako diruarekin. 

Zumaian, Eroski, BM eta Dia saltokietan eros daitezke bono hauek.