Beheranzko joerari eusten dio positibo kopuruak Zumaian

Atzo Zumaian bi kasu zenbatu zituzten, baina azken egunotan, behera egin du atzemandako positibo kopuruak. Hego Euskal Herrian, berriz, hazi egin dira kasuak. Intzidentzia tasa 500dik beherakoa da Zumaian. 

Osasun Sailak emandako datuen arabera, bi koronabirus kasu zenbatu dituzte herenegun Zumaian egindako PCR eta antigeno probetan. Azken datuekin, hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu metatuen tasa 500dik jaitsi da, eta beraz, semaforoa gorritik laranjara aldatu da. Eskualdean, berriz, gora egin du atzemandako positibo berrien kopuruak: herenegun 29 zenbatu zituen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta 48 izan ziren atzo. Gehienak Azpeitian baieztatu zituzten, hamahiru, eta horiekin, 77 dira azken astean herri horretan hauteman dituzten positiboak. Dena dela, pixkanaka-pixkanaka jaitsen ari da hango intzidentzia tasa. Joan den asteazkenean 1.248,75 zen hamalau egunetako 100.000 biztanleko positibo metatuen kopurua, eta gaur 1.162,40 da.

Azpeitiaren atzetik, Azkoitia da atzo positibo berri gehien zenbatu zituzten eskualdeko herria, hamabi, eta horiekin 41 dira azken zazpi egunotan zenbatu dituztenak. Datua ez da ona, baina aipatzekoa da herri horretako intzidentzia tasak izan duen jaitsiera: joan den asteazkenean 1.426,31 zen, eskualdeko altuena, eta gaur 1.134,37 da.

Aldiz, Orioko joera kontrakoa da. Atzo beste zortzi positibo baieztatu zituzten han, eta 40 dira azken astean zenbatu dituztenak. Ondorioz, gorantz doa hango intzidentzia tasa: 1.336,41 da, eskualdeko handiena, Errezilen atzetik.

Azpeiti, Azkoiti eta Orioko 23 positiboez gain, beste hamabost ere atzeman zituzten atzo eskualdean: sei Zarautzen; bina Zestoan, Getarian eta Aian; eta bat Errezilen.

Beste 1.210 positibo Hego Euskal Herrian

Eskualdean bezala, Hego Euskal Herrian ere gora egin du positibo berrien kopuruak. Herenegun 1.079 baieztatu zituzten; atzo, berriz, 131 gehiago, 1.210 hain zuzen.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 14.929 PCR eta antigeno test egin zituzten atzo eta horietatik 1.050ek eman zuten positibo, %7k. Gipuzkoan eta Bizkaian 459na positibo zenbatu zituzten, eta 122 Araban. Beste hamar positiboak, beste autonomia erkidego batzuetako herritarrek eman zituzten.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetako egoerak zaila izaten jarraitzen du. Atzo beste 79 lagun ospitaleratu behar izan zituzten eta guztira 622 lagun daude hiru lurralde horietako erietxeetan; horietatik 137 ZIUn.

Nafarroan, berriz, 2.815 PCR eta antigeno test egin zituzten atzo eta horietatik 160k eman zuten positibo, herenegun baino 22 gehiagok. Hango positibotasun tasa %5 da. Ospitaleetako egoerari buruzko daturik ez du eman Nafarroako Gobernuak.