Indarkeria matxista guztion ardura dela gogoraraziko dute datozen egunetan

Udaleko eta elkarte feministetako ordezkariek agerraldia egin dute, egitaraua aurkezteko. (Maria Maya Manterola)

Azaroaren 25ean egingo den elkarretaratzean parte hartzera deitu dituzte zumaiarrak. Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunaren harira, mobilizazioak, hitzaldiak eta tailerrak izango dira aurten ere, 'Zure egia, guztion ardura' lelo hartuta. Udalak eta herriko elkarte feministek elkarlanean antolatu dute egitaraua.

Heltzear da azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna. Emakumeenganako indarkeria salatzeko egunaren bezperatan, agerraldia egin dute Zumaiako Udaleko eta herriko elkarte feministetako ordezkariek, elkarlanean antolatutako egitaraua aurkezteko. Aurtengoan, indarkeria matxista "guztion ardura" dela aldarrikatzeko programazio zabala antolatu dute. 

"Lehentasunezko konpromiso politikoa" da indarkeria matxistaren adierazpen guztien kontrako lana, Maider Alberdi Berdintasun eta Parte Hartze zinegotziaren esanetan. Udalaren izenean "indarkeria matxistatik libre egongo den gizartea eraikitzeko" konpromisoan eta betebeharrean berretsi da Alberdi. Indarkeria matxistaren "egiturazko izaera" mahai gaineratu du zinegotziak: "Indarkeria matxista ez da kasualitate hutsa, emakumeak indarkeriaz tratatzen dituen sitema baten ondorio dira, sistema patriarkalaren ondorio". 

Beste pandemia

COVID-19a dela eta gaur egun bizi dugun errealitatean egoera zaurgarrian dauden pertsonak bereziki kaltetuak direla uste du Alberdik. Horregatik, koronabirusak eragindako krisialdiak indarkeria matxista jasaten duten emakumeei, beren seme-alabei edota sexu-genero sistemaren disidenteei nola eragiten dien aztertzea lehentasunezkotzat jo du. Indarkeriaren aurkako estrategiak garatzeko, zein indarkeria berri sortu diren edota zein eredu aldatu diren ezagutzea ezinbestekoa da, haren hitzetan.

"Emakumeen ahalduntzeaz gain, ezinbestekoa da gizonek bere gain duten ardura hartzea, pribilegioen inguruan hausnartu eta zalantzan jarriz"

Era berean, indarkeria matxistari aurre egitea guztion betebeharra dela esan du, eta herritarren, eragileen eta instituzioen "jarrera aktiboa" eskatu du horretarako. Bi zentzutan egin behar da lan horretarako, zinegotziaren arabera: "Alde batetik, emakumeak ahalduntzeko espazioak sortu behar ditugu eta emakumeak subjektu aktibo gisa hartuko dituzten esku hartzeak bultzatu behar ditugu, berbiktimizazioa saihestuz; hala ere, emakumeen ahalduntzeaz gain, ezinbestekoa da gizonek bere gain duten ardura hartzea, pribilegioen inguruan hausnartu eta zalantzan jarriz”. Horretarako, gizonei zuzendutako hausnarketa espazioak sustatzen jarraituko du udalak, Alberdiren esanetan. Azkenik, instituzioak, herritarrak eta eragileak elkarrekin lanean jarraitzeko deia egin du.

Indarkeria, zenbakitan

Alberdik eta Karmele Gomez Berdintasun eta Gazteria teknikariak Gizarte Zerbitzuetan jasotako aurtengo indarkeria kasuen berri eman dute agerraldian. Zumaian, 2020an, indarkeria matxistaren sei kasu izan dira, eta 2019ko bost kasu artatu dira, jasotako datuen arabera. Gainera, aipatu dute sei kasu horietatik lautan seme-alabak ere tartean izan direla, eta ondorioz, horiek ere indarkeria matxistaren biktima zuzenak direla. 

Erasoa jasan duten emakumeak 21 eta 41 urte bitartekoak dira, eta kasu bakar batean izan ezik, bikotea, ezkontidea edo bikote ohia izan dira erasoa egin dutenak. Datu horrek adierazten du, zinegotziaren eta teknikariaren arabera, erasotzaileak gertuko pertsonak izan ohi direla, baita gatazkaren "garrantzia eta gertutasuna" ere. 

Sei emakume horietako batek sexu-indarkeria jasan du, eta gainontzekoek indarkeria psikologikoa jasan dute. Indarkeria psikologikoa jasan duen horietako batek, gainera, fisikoa ere jasan du. Guztietatik bik jarri dute salaketa, eta gainontzekoek uko egin diote beren kasua sistema judizialaren aurrean salatzeari. Alberdiren arabera, datu horiek adierazten dute eremu judiziala eta poliziala behar beste konfiantzaz bizi ez diren esparruak direla, eta lan asko dagoela egiteko zentzu horretan. 

Ertzaintzaren datuen arabera, berriz, lau izan dira zenbatutako kasuak. "Gaur egun ez dago kasu horiek kasu berak diren ala ez jakiteko modurik, instituzioen artean informazioa trukatzeari dagokionean hutsune handiak daudelako, eta horretan badugu zer egina", azaldu du Gomezek. "Kasu bakarra asko litzateke. Are gehiago, badakigu kasu gehiago daudela herrian; kasu gehienak ez dira instituzioetara iristen", amaitu du Alberdik.

EGITARAUA

Azaroak 24
18:30. Indarkeria matxista. COVID-19aren beste errealitatea eta aurre egiteko estrategiak. Hizlaria: Sheila Melcón, Sortzen aholkularitzako aditua. Alondegian, euskaraz.

Azaroak 25
12:00. Urola Kostako Hezkidetza Foroko kideen adierazpenaren irakurketa (ikastetxeak, Berritzegunea eta udalak batuta)
18:30. Elkarretaratzea, Zumaiako mugimendu feministak deituta, Beheko Plazan.

Azaroak 26
18:00. Euskal demokrazia patriarkala liburua aurkeztuko du Jule Goikoetxeak. Alondegian, euskaraz.

Abenduak 10
19:00. Zinegoak zikloko filma: Indianara.
Aita Mari zineman, euskaraz.