Udal Gobernuak gizarte zerbitzuak eta dirulaguntzak bermatu nahi ditu 2021eko aurrekontuetan

IƱigo Gaiton 2020ko aza. 18a, 10:56

Zumaiako Udalak 15 milioi euroko aurrekontua izango du 2021ean, aurten baino handiagoa, Udal Gobernuak atzo aurkeztutako proposamenak zehazten duenez. Osasun krisiaren ondorioz diru bilketa jaitsi arren, herritarren eta herriko eragileen ondoan egoteko borondatea agertu dute.

Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak, Arantxa Gajate Ogasun zinegotziak eta Maider Alberdi Berdintasun eta Parte Hartze zinegotziak 2021erako aurrekontu proposamena aurkeztu zuten atzo, asteartearekin. Haien hitzetan, proposamena lantzerakoan erabateko lehentasuna eman diote gizarte zerbitzuak eta diru-laguntzak “blindatzeari”.

Hala, 2020ko aurrekontuarekin hasitako “norabide aldaketari” jarraipena eman nahi izan diote; Ostolazaren esanetan, “behar beste” handituko dituzte behar sozialei aurre egiteko diru-partidak.

Izan ere, aurkezpenean nabarmendu zutenez, iazko aurrekontuetan igoerak egin zituzten Gizarte Zerbitzuetan, alokairuko laguntzetan eta berdintasun eta kulturan, eta irizpide horiek mantentzen jarraitu nahi dute.

Herritarren eta eragileen ondoan
Udal Gobernuak mantendu egin nahi ditu herriko eragileei eta mugimenduei zuzendutako diru-laguntzak. Horrez gain, osasun krisia dela eta, merkataritza eta ostalaritza sektoreak indartzeko ahalegina egingo dute, horretara 60.000 euro bideratuz.

Horrekin batera, azpiegitura eta proiektu handietan aurreikusitako zenbait lan atzeratzeko apustua egin dute. Dena den, “horien aurre-lanketan” murgilduko dira herritarrekin batera, hausnarketak eginez eta hirigintza-azterlanen (115.000 euro) bidez.

Lan batzuk atzeratu egingo dituztela azaldu arren, presazkoei heldu egingo diete, tartean: Oikiako saneamendu lanak (93.000 euro), bide publikoak eta auzo bideak hobetzea eta seinalizazioa (98.000 euro), Brankako eta larrialdietako etxebizitzak egokitzea (34.000 euro) zein haur parkeetan inbertsioak (12.500 euro). Aldi berean, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra osatzen jarraituko dute, eta 96.6672 euro bideratuko dituzte horretara.

Era berean, herriarentzat estrategikotzat dituzten proiektuak mailegu bidez finantzatzea proposatzen du Udal Gobernuak: 250.000 euro zuntz optikoaren sare neutroa finantzatzen laguntzeko, eta beste 588.398 euro LED argiteriaren 2. fasea gauzatzeko.

Udal Gobernuak zerbitzu publikoen aldeko jarrera irmoa azaldu zuen atzoko agerraldian, eta “ahalik eta zerbitzu gehien eremu publikoan kokatzea” da haien asmoa, bi xede zehatzekin: batetik, herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak hobetzea, eta bestetik, azpikontratazioa murriztea.

Aurtengoa baino aurrekontu handiagoa
Proposamenak biltzen duenez, hurrengo urtera begira 15.008,331 euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak, eta Kirol Patronatuak 1.204.580 eurokoa. Hala, 16.212,911 eurokoa da atzo aurkeztu zuten aurrekontu-proiektua.

2020koaren aldean, %8,67 handiagoa izango da udalaren aurrekontu propioa, eta 1.197,290 euro gehiago izango ditu. Arantxa Gajate Ogasun zinegotziaren hitzetan, igoera horrek, azalpenik gabe, ez du “aurrekontuen argazki osoa” eskaintzen, izurriteak eragin handia izan duelako udalaren diru-sarreretan zein gastuetan.

Diru-bilketaren esparruan, iaz baino 686.649 euro gutxiago jasotzea aurreikusten dute. Gipuzkoako Foru Funtsetik 543.397 euro gutxiago jasoko ditu udalak datorren urtean, eta hortik dator galera handiena. Udal tasak eta zergak izoztu izanren ondorioz ere, diru gutxiago bilduko da.

Izurriteak eragindako egoera berrira egokitu nahian, inbertsio maila mantentzeko ahalegina egiteko borondatea agertu du Udal Gobernuak; hortik, aurrekontu proposamenean maileguak txertatu izana. Gajateren arabera, udalaren zorpetze maila %22ra igoko dute maileguek, “legez ezarritako %70etik urrun”. Udalaren bi lursail saltzeko asmoa ere agertu zuten, diru-sarrerak handitzeko helburuarekin.

Abenduan onartu zain
Ekonomia esparruan, Zumaiako Udalaren egoera “egonkorra” dela azpimarratu zuen Gajatek. Haren esanetan, irizpide hauek hartu dituzte kontutan aurrekontuak osatzerako garaian: “Orekatuak izatea, zuhurtasun printzipioan oinarrituta, eta egingarriak izatea”.

Oposizioko taldeek azaroko lehen astean jaso zuten aurrekontu proiektua, eta datozen asteetan Batzordeetan landuko dute. Udal Gobernuak abenduaren 17an onartu nahi du proposamena, urte hasierarako indarrean egon daitezen.

Bukatzeko, ordenantza fiskalak onartu izanagatik “pozik” daudela adierazi zuten agerraldian, “elkarlanerako borondatea” dutela azaltzearekin batera.