Elkarretaratzea egin dute zaintza sektoreko langileek, greba egunean

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 17a, 14:14

Zaharren egoitzetako eta eguneko zentroetako langileak grebara deitu ditu gaur ELA sindikatuak. Deialdia, baina, ez da espero bezain jendetsua izan, Eusko Jaurlaritzak bezperan %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri zizkielako. 

Zumaian egin dute eskualde mailako ekitaldi nagusia, Beheko plazan egindako elkarretaratzea hain zuzen ere. Zaintza arloko langileekin bat egin dute herriko jubilatuek eta pentsiodunek, eta baita hainbat herritarrek ere.

Zaintza publikoaren defentsarako aldarriak entzun dira eguerdi partean Beheko plazan, baita zaintzale beraien ongizatearen aldekoa ere. Instituzioek ezarritako gutxieneko zerbitzuek langileak grebarako eskubiderik gabe utzi dituela salatu dute. "Gutxieneko zerbitzu minimo hauek oso argi erakusten dute gure instituzioek zaintza sektoreko enpresekiko duten erabateko menpekotasuna. Sistemaren maltzurkeria osoa agerian uzten dute", azaldu dute kontzentrazioaren amaieran. 

Sektoreak pairatzen dituen zenbait arazo ere nabarmendu dituzte, hala nola, "plantilla guztiz eskasak eta ratio gizagabeak, egutegi gizagabeak, hilabete bukaerara iristea bermatzen ez dituzten soldatak, baliabide materialetan eta babes neurrietan ez inbertitzea, arreta eskasa eta gizatasunik gabea, eta pribatizaziorako apustu sendoa". 

Langile guztiak publikoak izango garen sistema behar dutela aldarrikatu dute grebalariak. "Plantilla zabalak eta hurbileko eta goxoa den zaintza bermatuko duen sistema" behar dutela ere azaldu dute eguerdian egindako kontzentrazioan.