Iñaki Osa Goikoetxea: “Kantxan jokatzen egotea, eta nire maila onena ematea da gustatzen zaidana”

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 17a, 11:09

Iñaki Osa Goikoetxeak hemeretzi urte egin zituen Estatu Batuetan, horietatik hamahiru Miamin. Maletak egin, eta hemendik bi astera Floridako hiri horretara itzuliko da bi hilabetez bertako frontoian jokatzeko. Imanol Lopez zumaiarrak ere Miamin jokatzeko gonbidapena onartu du.

Miamira itzuliko zara aurki. Nolatan sortu da aukera hau?

Iaz ere gonbidatu ninduten, baina ez nintzen animatu. Aurten berriro deitu didate eta, beno, probatzea erabaki dut. Hala, denboraldia luzatuko dut eta beste bi hilabetez aktibo egongo naiz. Gogotsu nago.

Denboraldi arraroa izango zen hau.

Denontzako izan da denboraldi arraroa. Azkenean, partida gutxiago jokatu ditugu, eta partiden artean ere tarte asko egon da. Hemen txapelketa pare bat geratzen dira jokatzeke, eta datorren hilabetean jokatuko dira. Horietan nik ez dut parte hartuko.

Denboraldi arraroa izan da, eta urtea zertxobait luzatzeko onartu dut gonbidapena. Proposamen on bat egin digute, eta horregatik goaz hara jokatzera. Hartara, datorren urtera begira forma zaintzeko ere ondo etorriko zait.

Zer egoeratan aurkitzen da zesta punta?

Estatu Batuetan asko jaitsi da, eta nahiko eskas dago. Dena eman duela esango nuke. Hemen ematen zuen hobera egiten ari zela, baina pandemiarekin egoera eskastu da. Espero dugu datorren urterako egoera hobetuko dela, eta lehen genuen egoerara itzuliko garela.

Jokalari bezala, tristea izan behar du harmailak erdi hutsik ikustea.

Beste motibazio bat da. Jendea duzu, presio hori dago harmailetan, beti nahi duzu %100 baino gehiago eman. Jendea dagoenean bultzada txiki hori ere jasotzen duzu. Harmailak hutsik daudenean beste erritmo batekin jokatzen duzu. Estatu Batuetan egunero jokatzeak beste erritmo batean egotea ekarriko dizu. Baina, egoera duguna da, eta horretara moldatu beharko gara.

40 urte dituzu dagoeneko. Baduzu jokatzen jarraitzeko asmoa?

Beste pare bat hiru urte jokatzea pentsatzen nuen lehen, baina ondo sentitzen naiz, disfrutatzen ari naiz jokatzen, eta horixe da azkenean gustatzen zaidana: kantxan jokatzen egon, eta nire maila onena ematea. Noiz arte jokatu? Orain urtez urte noa pentsatzen; izan daitezke urte bat edo bi, edo bost. Nork daki. Buru eta osasun aldetik ondo banago, eta lesioek ere errespetatzen banaute... Lesioak sartzen badira erdibidean, gauzak aldatu egingo dira. 

Bakarrik zoaz, edo familia zeurekin eramango duzu?

Hasiera batean bakarrik noa. Ikusiko dugu pandemiak zer bilakaera duen Estatu Batuetan, eta hor erabakiko dugu familia ere joango den edo ez. Seme-alabak han jaioak dira, eta polita izango zen beraiek ikustea nondik datozen.