Jaxinto, Inaxio, Tomas, bi Manuel eta Pedro Mari

Bittor Zubizarreta zumaiarrak ezin ditu goiko izenok ahaztu nahita ere, gelakideak zituelako horietatik bost, 1960an olatu batek barratik itsasora bota eta hil zirenean. Dokumentalean jaso dute, belaunaldi gazteei erakusteko. 

Hunkituta sarreran, eta hunkituta irteeran. Halaxe zeuden atzo iluntzean Azaroak 15, itsasoak utzitakoa dokumentala ikustera joan zirenak Aita Mari aretora. Senitarteko eta testigu batzuei hitz batzuk egiteko eskatu arren, ez zeuden hizketarako aldartez, eta aterkiak zabaldu eta iluntzearen babesean segi zuten etxerantz, negar eginda batzuk, negarra edo emozioak barruan gordeta beste batzuk. Bazen, ordea, atzoko gauez «aspaldiko ordu gehien» lo egingo zituenik ere: dokumentalaren hazia jarri duen Bittor Zubizarreta, hain zuzen. 

Atzo bete ziren 60 urte bere gelako bost gaztetxo eta beste eskolako bat hil zirenetik herriko barran olatu batek jo eta itsasora eraman ostean. Baina Zubizarretak hortxe zuen arantza, ondo iltzatuta, eta orain bake gehiago sentitzeko moduan da. Izan ere, berak helburu bat zeukan: «70 urtetik beherako zumaiarrek jakitea zer gertatu zen 1960eko azaroaren 15ean», eta baita bere lagunen izenak betirako herriko horman irakurgai egotea ere. Biak lortuta, helburua bete duela sentitu du, «nahiz eta dokumentalean konta zitezkeen gauza gehiago».

Ulertzen du, ordea, Iñaki Agirrezabalaga zuzendariak ez zuela nahi lan oso luzea egitea. Eta denboraren kontua erlatiboa da, gainera. Izan ere, pantaila handian agertu ziren hizlariek lortu zuten ikusleok denboran atzera egitea, egun hartara arte, aurreko minutuetara arte, baita gaztetxoak itsasoan zeuden momentu bertara arte eta hurrengo egunetara arte ere. 

Iritziak


Iñaki Agirrezabalaga bera pozik zen emaitzarekin. Hilabete eskasean egindako lanak, «pertsona askoren laguntzari esker», lortu zuen berak nahi zuena: «Bizipenak kontatu zituzten pertsona horien begietatik lan egin nahi nuen, sentimenduek pantaila pasatzea eta beraiek bizitza osoan zehar barruan eraman duten hori agerian jartzea. Niretzat garrantzitsua da zumaiar gazteei erakustea gertatu zena». Horregatik, dokumentalak hainbat ahots jasotzen ditu: Bittor Zubizarreta berarena, Rudy Holkerena, Jesus Mari Aranorena, Javier Carballorena, Iñaki Zoritarena, Natividad Urbietarena eta Ixiar eta Francisca Martijarena. 



Iñaki Ostolaza alkatea ere gustura gelditu da emaitzarekin. «Film hunkigarria dela ikusi dugu, eta nire uste apalean, ondo egindako lana da. Bere garaian gurasoek kontatzen ziguten gertatutakoa, eta bi hitz errepikatzen zituzten: oso gogorra izan zela, eta ondorengo egunak oso tristeak izan zirela. Eta hori ondo islatuta gelditu da dokumentalean». 

Zuzendariak azpimarratu du Zubizarretak testu txukuna zeukala prest hasieratik, eta horrek abiapuntu ona ezarri zuela gidoirako. «Istorio modura antolatu genuen gidoia, eta lan handia egin zuen horretan Imanolek [Azkue]». Ondoren, azkar egin dute guztia, «hilabete eskasean». Koronabirusaren eraginagatik batetik, eta eguraldiagatik, bestetik. Izan ere, barran eta haren inguruetan egin behar ziren grabaketak. 



Kandido Urangak jarri du ahotsa, eta dokumentalean irudi ederrak nahasten dira testigantzen gogorrarekin. Dena den, umoreak badu tokitxo bat–gehiago ezin da esan–, eta  herriko historia zati bat kontatzeko ere probestu dute ikus-entzunezkoa.

Aita Marin izan ziren Zumaiako aurreko bi alkateak ere–Oier Korta EAJko zinegotzia eta Iñaki Agirrezabalaga–, eta Kortak ere hitz politak izan zituen dokumentalarentzat: «Oso polita iruditu zait egin duten lana. Zumaiako gertaera historiko garrantzitsua izan da, bere marka utzi zuen, eta uste dut interesgarriak direla horrelako ariketak, ez ahazteko».


Jaxinto Agirrezabalaga, Inaxio Atxega, Pedro Mari Garcia, Manuel Martija, Tomas Mendizabal eta Manuel Victor Mendizabal dira 1960an hil ziren mutil-koskorren izenak, eta herrian askok oraindik ondo gogoan dituzte. 

Igandean Aita Marin, eta ondoren Erlon eta Baleiken
Atzo sei gaztetxoen senitartekoek eta haien gelakide izandakoek ikusi zuten dokumentala Aita Marin, hainbat udal ordezkarirekin batera. Hura izan zen estreinaldia. Igande honetan, berriz, herritar orori zabalduko diote aukera, eta gonbidapenak gaurtik aurrera eskuratu ahalko dira. Gero, Erlo Telebistak ere emango du, eta Baleike.eus atarian ere jarriko da ikusgai Zumaiako Udalaren enkarguz egindako ikus-entzunezkoa.