Oinarri bat, lau buru, eta emaitza... 'Bote prontuan' erakusketa

Juan Luis Romatet | Onintza Lete Arrieta 2020ko aza. 14a, 17:05

Atzotik (ostirala) ikusgai dago Las4Laurok: Bote prontuan erakusketa Oxford aretoan. Gema Duran, Arri Bidasoro, Ana Cabezas eta Olatz Goiburu artisten lanak biltzen ditu erakusketak. Papera eta liburu eraldatuak oinarri hartuta, zeramika, pintura eta liburugintza lanak daude ikusgai. 

Arri Bidasoro Ibarrako artistak azaldu duenez, erakusketa osatu duten lau artistak "diziplina desberdinetatik" datoz, eta aurreneko aldia da erakusketa kolektiboa osatzeko elkartzen direna. "Aurrez proiektu txiki batean elkarrekin ibiliak ginen, han ezagutu genuen elkar", eta lan hartatik atera da oraingo erakusketaren oinarria.  "Izenburuak dioen moduan sortu zen erakusketa honen ideia, boteprontoan. Olatzen bitartez iritsi zen aukera orain egiteko erakusketa, eta hainbeste kultur ekitaldi bertan behera gelditzen ari diren pandemia garai hauetan, dena itxita dagoen honetan, polita iruditu zitzaigun aukera aprobetxatzea. Genituen lanak hartu, egiten ari ginenak ere bai, eta hau osatu dugu", azaldu du.

Lan batzuk bereziki erakusketa honetarako amaitu dituzte, baita egin-egin ere, adibidez, zeramika lanak. Bote prontuan erakusketako gauzarik politena, Bidasororentzat da "oso-oso zabala" dela, artista bakoitza diziplina batekoa delako. "Papera lantzeak batu gaitu: ni nator  animazio eta koadernaketatik. Anak eta Gemak ere collage-a egiten dute... Eta konturatu ginen paperak daukan mundu zabal horretan laurok lekua bagenuela. Esaterako, postal txiki batzuk bidali dizkiogu elkarri, eta horiek ageri dira erakusketako katalogoan".

"Gu laurotako bakoitzak liburu bat hartu du, eta besteari pasa diogu. Gero elkartu eta partekatu egin dugu, ikusi bakoitzak zer egiten duen... Prozesua gustatzen zaigu, oso eroso eta gustura sentitzen gara". Orain, erakusketan lauren lanak ikusita, Bidasorok uste du "zerbait itxi" dutela. "Laurok egiten duguna erakusteko aukera polita da hau".

Kultura, formatu txikian

Erakusketa beste herri batzuetan ere gustura jarriko luketela esan du Bidasorok, emaitzarekin pozik eta gustura daudelako, baina osasun krisiak eragindako egoera dela-eta, ez daki horretarako aukerarik edukiko duten. Ateak joko dituzte, hala ere.

Kulturaren egoeraz galdetuta, panorama zaila ikusten du artistak, baina berak argi du kultura segurua dela, eta neurriak hartuta eta formatu txikiak baliatuta, antolatu daitezkeela ekitaldiak eta ekintzak.