Tragedia baten kronika

Gorka Zabaleta 2020ko aza. 14a, 09:00

1960ko azaroaren 15ean olatu batek zazpi gazte eraman zituen Zumaiako barran. Bakarrak salbatu zuen bizitza. Egun hartan gertatutakoaren kronika egiteko eskatu diegu tragedia gertu-gertutik bizi izan zuten bost laguni: Jesus Mari Arano eta Augusto Egaña barran ziren beste zazpi lagunekin, baina olatutik babestea lortu zuten; Rudi Holkek bere bizia jarri zuen arriskuan Jose Maria Domingo Regalado uretatik ateratzeko; Javier Carballok eta Victor Zubizarretak oso gertutik bizi izan zuten guztia.

(2010eko azaroko Baleike aldizkarian argitaratu genuen erreportaje hau, istripuaren 50. urteurrenean)

1960ko azaroaren 15a. Asteartea. Egun batzuk badira itsasoa zakar samar dabilela. Itsasontziak portuaren babesean gorde dira. Urola ibaia ere indartsu dator, euriteek hauspotuta. Herriko haur eta gazteek amaitu dute goizeko eskola saioa. Bazkalordua da.

Victor Zubizarreta: “Nik 13 urte nituen. Eskolatik irten eta bizikletan abiatu nintzen etxera, bazkaltzera. Gogoan daukat Azpeitian azoka eguna zela. Pedro Mari Garcia, Sevillanoa, estaziora joan zen amaren bila. Azokara joaten zen ama. Akordatzen naiz bidean gurutzatu eta elkar agurtu genuela. Sevillanoa ikusi nuen azken aldia izan zen”.

Jesus Mari Arano: “Gogoan daukat egun hartan lentejak bazkaldu genituela. Gero jolastera joan ginen. Poto-potoka jolasaren sasoia zen orduan. Eskuineko eskumuturra igeltsuarekin lotuta neukan, eskolako tailerrean behatz batean min hartu nuelako. Jolasten ari ginela, norbaitek komentatu zuen Begoña itsasontzia ateratzekoa zela. Bozinak ere entzun genituen. Haraino oinez joateko gogorik ez eta Augustok eraman ninduen bizikletan, ni parrillan eserita. Bizikleta berde bat zen. Parolera bidean jende asko aurreratu genuen. Egun batzuk bazeramatzan itsaso handi samarrarekin, eta ikusmina sortu zuen Begoñaren irteerak. Barraren puntaraino joan ginen eta bertan utzi genuen bizikleta.

Orduan ez al zegoen hesirik barraren hasieran?

Victor Zubizarreta: Ez, ez, lehen ez zegoen ezer. Larunbatean, eskola profesionaletik atera ginen laurak aldera, eta olatuekin jolasean ibili ginen barran bertan. Barran gora eta behera ibiltzen ginen, olatua zetorrenean paretaren kontra babestuz. Hori larunbatean, istripua gertatu baino hiru egun lehenago. Beraz, egun batzuk baziren itsaso txarrarekin.

Javier Carballo: Begoña itsasontziaren kapitain Constantinok nola edo hala irten nahi zuen portutik, egun asko zeramatzalako barruan, eta buruan sartu zitzaion kosta ahala kosta irten beharra zeukala. Lagunek ez irteteko aholkatu zioten, itsaso txarra zegoela, baina hark baietz. Eta irten, irten zen.

Nolako itsasontzia zen?

Javier Carballo: Zamaontzia zen, Ingalaterran egindakoa. Zumaiara ikatza eta bestelako gaiak ekartzen zituen eta hemendik zementua eramaten zuen. Ehundik gora tona garraia zitzakeen. Zumaian sartzen zen zamaontzi ederrenetakoa zen. Txapazkoa. Hori bai, galdararekin funtzionatzen zuen, ez zuen diesel motorrik, eta horrek asko mugatzen zuen maniobrak egiteko orduan.

Olatua ezustean

Jesus Mari Arano: Augusto eta biok barraren aurrealdera iritsi ginenean ordurako beste zazpiak han zeuden, eta atzerago ere beste batzuk gelditu ziren. Gogoan daukat gu iritsi ginenean zorua artean lehorra zegoela. Ordura arte ez zen olaturik pasa barra gainetik. Eta hori oso gogoan daukat, Victorrek esan duen bezala, askotan jolasten ginelako olatuekin, eta ondo genekien olatuak non jotzen zuen eta non ez.

Bada, Itsasontziari begira geundela, olatu handi bat etortzen ikusi nuen, barraren aurrealdetik. Barraren petrila gainditu zuen, artean lehertu gabe. Ni ohartu nintzen gure gainera zetorrela, eta hormaren kontra joan nintzen. Augusto eta hormaren kontra babestu zen. Sekulako ur jauzia izan zen. Ikaragarria. Olatua pasa zenean etxeko errieta bakarrik nuen buruan, blai nengoelako. Ingurura begiratu eta han ez zegoen inor. Augusto eta biok, eta bizikleta lurrean botata. Eta eskolako liburuak eta koadernoak han-hemenka, uretan flotatzen.

Erriora begiratzera joan eta bizikletarekin estropezu egin nuen. Oraindik barran zegoen urak ia eraman ninduen… Eskerrak Augustok heldu ninduen. Zutitu eta orduan ikusi genituen lagunak errioan, olatuak eramanda. Nik orduan sei kontatu nituen. Horrek esan nahi du zazpietako bat ez zela ur-azalera ateratzeko gauza izan. Bat odoletan ikusi nuen, buruan kolpea hartuta. Eta handik minutu gutxira seietako bat hondoratu egin zen.

Gogoan nuen barran bertan, txapazko ate batek babestutako zulo batean, soka batzuk eta flotagailu bat egoten zirela. Hara joan ginen korrika batean, baina hutsik zegoen. Ordurako korronteak hondartza aldera zeramatzan lagunak, haitzetara. Pentsatu genuen Parolera joatea laguntza bila, baina Talaipe parean ez ziguten berriro barra aldera pasatzen utzi. Etxera bidali gintuzten.

Augusto Egaña: Niri iruditu zitzaidan olatuak barran jo eta altura dezente hartu zuela. Ur masa ikaragarri hura etorri zitzaigun gainera. Gu biok hormaren kontra babestu ginen. Ur jasa ura pasa zenean ikusi genituen lagunak uretan, eta orduantxe ikusi nituen Begoñaren helizeak ere. Olatuek dantzan zebilkiten itsasontzia, gora eta behera horietan helizeak bistatzeraino. Baina dena oso azkar gertatu zen. Jesus Marik esan duen bezala, handik etxera bidali gintuzten eta gero eskolan bildu ginen.

Jaxinto Agirrezabalaga, Inazio Atxega, Pedro Maria Garcia, Tomas Mendizabal, Jose Maria Domingo Regalado, Manuel Victor Urbieta eta Manuel Martija ziren olatuak barratik eramandako zazpi gazteak. Diotenez, Inazio Atxega izan zen ur azalera ateratzeko gai izan ez zena.

Erreskate saioak

Javier, zuek Parolean bizi zineten orduan. Gazteei laguntzen saiatu ziren lehenengotakoak zuen aita Matias eta anaia Juan izan ziren.

Javier Carballo: Anaia Juan ohean zegoen. Dentistarenean hagina atera zioten eta sukarrak jota zegoen. Amak leihotik ikusi zuen Begoña itsasoratzen. Gazteak ezin zituen ikusi, baina bai jende piloa Begoñari begira zegoela. Itsasontzia pasa zenean ohartu zen uretan zerbait zegoela. Pentsatu zuen Begoñak galdutako zama izan zitekeela, bidoiak edo. Baina segituan ohartu zen ezetz, besoak mugitzen ari ziren pertsonak zirela. “Juan, Juan! Begira!”, oihukatu zion anaiari. Anaia ziztu bizian jaiki eta hura ikusi zuenean aitaren bila jaitsi zen. Baina aita ordurako barran zegoen, lagundu nahian. Aitak berak prestatutako flotagailu bat jaurti zuten uretara [Anade ekipoa deitzen zitzaion], baina alferrik. “Motoa, motoa!” esan zion anaiak aitari. Lambretta gorria hartu eta Santiagora joan ziren biak, handik laguntzeko asmotan. Anaiak, bi aldiz pentsatu gabe, arropak kendu eta salto egin zuen. Haitzetatik. Hanka sartze handia izan zen. Olatu batek haitzen kontra eraman zuen eta ebakia egin zuen zango batean. Oraindik orbaina nabaritzen zaio. Ezin izan zuen besterik egin. Orduan iritsi zen Rudi.

Anaiak oso gaizki pasa zuen. Etxera joan zen eta ohera sartu zen, negarrez. Orduz geroztik, ez du inoiz istripuari buruz hitz egin nahi izan. Uste dut sentimendu garratz bat gelditu zaiola barrenean ezin izan zuelako ezer egin.

Rudi, istripua gertatu zenean zu etxean zeunden. Nola ohartu zinen gertatzen ari zenaz?

Rudi Holke: Bazkaltzen ari ginen emaztea eta biok. Emazteak leihotik begiratu eta esan zuen itsasontzi bat ari zela irteten. Ezinezkoa zela erantzun nion, portua itxita zegoela. Baina hark baietz, eta, gainera, bere ustez jendea zegoela uretan. “Ez da posible”, esan nuen. Prismatikoak hartu eta goiko terrazara igo nintzen. Eta halaxe zen: itsasontzia ikusi nuen eta jendea ere bai uretan. Begoñako marinelak zirela pentsatu nuen, olatu batek eramanda. Barrara joatea erabaki nuen, laguntzera. Ero bat bezala, etxetik kalera jaitsi eta alboan lan egiten zuen Narciso Kortari deitu nion, nire kotxea, Isseta bat, matxuratuta zegoelako. “Narciso, Narciso, har ezak motoa eta goazemak barrara!”. Bere Lambretta hartu eta han joan ginen biok, ziztu bizian. Gogoan daukat motoaren hankarekin zorua jotzen pasa genuela Zubitxikiko bihurgunea.

Barrara iritsi ginenean segituan ohartu nintzen handik ez zegoela zer eginik, errepide alderantz eraman zituelako korronteak. Motoa hartu eta Santiago aldera joan ginen, begiralekuraino [Erdiko haitza, tunelaren parean]. Han ohartu nintzen egoeraz. Uretan bakarra ikusi nuen [Jose Maria Domingo Regalado]. “Gazta” deitzen dioten haitzerantz nindoala kendu nituen arropak [Erreketaitza ere deitzen zaio “gazta” delako harriari: Santiagora jaisteko dauden eskailera estuen azpialdean dagoen haitz zabala, zuloz beterikoa, Maiapean]. Orduan ikusi nuen Juan Carballo, Javierren anaia, odoletan. Bere aita ere han zegoen eta manterolatar bat ere baietz uste dut. Haiek esan zidaten, behin eta berriro, sokarekin lotzeko, beraiek lagunduko zidatela uretatik irteten. Nik ezetz, baina azkenean kasu egin nien. Ia bizitza kostatu zitzaidan. Soka nahikoa mehea zen. Gerrian lotu eta uretara egin nuen salto. Igerian nindoala enbarazu egiten hasi zitzaidan. Gaztearengana iritsi nintzenean, azkenengotan zegoen. Ura nahikoa hotza zegoen eta ur asko irentsi zuen ordurako. Metro batera-edo hurbildu nintzenean soka kateatu egin zen, haitzetan. Ezin nuen aurrera jo. “Soka madarikatua!”, pentsatu nuen. Gazteak hain gertu ikusi ninduenean, bere azken ahaleginean hurbildu eta lepotik heldu ninduen. Begi haiek ez ditut sekula ahaztuko. Bere bizitza nire esku utzi zuen une hartan, borrokatzeari utzi zion. Olatu handi batek banandu gintuen, eta bera hondora joan zen. Ni bitartean sokaz libratu nahian nenbilen. Azkenean azpitik ateratzeko gauza izan nintzen. Orduan joan nintzen Dominguinen bila, ur azpira. Aurreko egunetako euriteek ekarritako lokatzarekin eta olatuekin ez zen ezer ikusten. Baina senak gidatuta eta zorte apur batekin, gaztea topatu eta ateratzeko gauza izan nintzen. Dena azken segundoetan. Lehen ahalegin hartan aurkitu ez banu, akabo.

Augusto Egaña, Victor Zubizarreta, Rudi Holke, Jesus Mari Arano eta Javier Carballo.

Ur ertzetik oso urruti al zeundeten?

Zer da urruti horrelako egoera batean? 20 edo 25 metro izango ziren. Nik sorospen ikastaro bat egina nuen gazte garaian, eta banekien jendeari nola heldu behar zaion horrelako egoera batean: atzetik eta besoa lepotik pasata. Baina Dominguin kexaka igartzen nuen, ur asko irentsi zuelako eta ezin zuen arnasarik hartu. Orduan, lepotik heldu beharrean besotik heldu nion. Pixkanaka hondartzara hurbildu ginen eta halaxe atera nuen.

Konortea galduta al zegoen?

Konortea ez zuen galdu, baina azkenengotan zegoen. Gure aitak, emazteak eta han zeuden beste lagunek mantekin bildu eta medikuarengana eraman zuten. Errepidera igo nintzen, beste norbait ikusten ote nuen. Errepide bazterra jendez gainezka zegoen ordurako. Gogoan daukat han zegoenetako batek soka bat eskatzen zuela, haitzetara jaitsi eta beste gazteren bati laguntzeko. Baina hura erokeria zen. Orduan, guardia zibil bat gerturatu zitzaidan eta esan zidan gazteetako beste bat gelditzen zela bizirik, eta ateratzeko hura ere. Non zegoen galdetu nion. Oso leku txarra seinalatu zidan [Erdiko haitza], haitzetan, eta olatuek oso gogor jotzen zuten. Han ez zegoen inoren arrastorik eta ez zegoen ezer egiterik. “Ni hor ez naiz sartuko. Ez dut inor ikusten eta ez naiz suizida bat”, erantzun nion guardia zibilari. Eta alde egin nuen”.

Itsasontzietatik ere saiatu ziren gazteei laguntzen, baina ezinezkoa omen zen.

Rudi Holke: Portuko praktikoa saiatu zen, eta Yeregi ere bai bere ontziarekin. Eta beste batzuek, baina ezinezkoa zen. Ezin ziren gerturatu, olatuengatik.

Victor Zubizarreta: Gogoan daukat Jaxinto Agirrezabalagaren aita bere ontzian ikusi nuela, zerbait egin nahian. Artean ez zekien bere semea zela uretan zegoen gazteetako bat…

Javier Carballo: Portu barruan zeudenak eskoileraren parera iristen ziren, baina hor zuten muga. Ezin zuten aurrerago jo, bestela olatuek haitzen kontra eramango zituztelako. Eta gerturatuta ere, beste kontu bat da itsasontzi batetik pertsona bat erreskatatzea. Hori oso zaila da.

'Begoña' zamaontzia. (Javier Carballok utzitako argazkia)
 

Eta hau guztia gertatzen ari zen bitartean, Begoña itsasontziak zer egin zuen?

Javier Carballo: Bertsio ezberdinak daude. Batzuek diote Begoñako marinelak sokekin saiatu zirela gazteak uretatik ateratzen. Baina hori ez da horrela. Hasteko, esan dugun bezala, ez zegoelako gerturatzeko modurik. Begoña barratik irten eta 200 bat metrora gelditu zen, zerbait gertatu zela ohartuta. Baina haiek, ziurrenik, ez zituzten gazteak ikusi ere egin. Geldirik egon zen une batez, baina bere bideari jarraitu zion. Egia da Getariatik bi itsasontzi etorri zirela laguntzera, San Agustin eta Cruz de Arno.

Nik orduan Otto Holken egiten nuen lan. Barrara iritsi nintzenean nik pertsona bat baino ez nuen ikusi uretan, Arranaitzen parean, tunelaren ondoren dagoen puntaren parean. Nik uste dut Pedro Mari Garcia zela, Sevillanoa. Bada, Getariako bi itsasontzi hauek ez zuten inoiz gainditu barrak markatzen duen muga. Branka Orroagara begira jarri zuten, eta barealdian aurrera egiten zuten, baina ez ziren barraren marra hori gainditzen ausartu, olatuek eramango zituzten beldur. Arranaitzetik 300 metrora zeuden. Pentsa Pedro Mari zer distantziara zegoen sokekin laguntzeko… Nik, behintzat, horrela gogoratzen dut.

Hildakoen zerrenda

Itotako sei gazteetatik bost gela berekoak ziren. Seigarrenaren berri ez zen izan iluntzera arte.

Victor Zubizarreta: Olatuak eramandako denak, Martija salbu, nire gelakoak ziren. Arratsalde hartan teknologia, zientzia, matematikak eta marrazketa genituen. Ni eskolak hasi baino lehen joan nintzen gelara, teknologia ikastera. Eskolan geundela entzun genuen zerbait gertatu zela. Bizikleta hartu eta Parolerantz joan nintzen. Han egon ginen ikusten, irakasleek eskolara bidali gintuzten arte. Geletan sartu eta bakoitza bere lekuan eseri zenean, irakasleek zerrenda pasa zuten. Gurean Paco Iraolak. Baten izena esan, eta “presente” erantzuna. Beste baten izena esan, eta isiltasuna… Izenak esan ahala, arbelean apuntatzen zituen falta zirenak. Zerrenda amaitu zuenean, bost izen zeuden arbelean. Hori buruan iltzatuta daukat. Are gehiago: bostak nire inguruan esertzen ziren. Bi ezkerreko ilaran, bat aurrean eta beste biak atzean…

Baina arratsalde hartan eskolarik izan al zen?

Victor Zubizarreta: Ez, ez. Gurasoak etortzen hasi ziren semeengatik galdezka, eta laurak aldera-edo etxera bidali gintuzten.

Pedro Mari Garcia izan omen zen desagertzen azkena. Uretara eroritako zazpi gazte haietatik Domingo Regalado baino ez zen bizirik atera, Rudi Holkeri esker. Behin gorpuak desagertu zirenean, zer?

Victor Zubizarreta: Han arratsaldeko seietarako ez zegoen ezer. Jende asko bai, begira, senideak bueltaka… Gainera, gaueko bederatziak arte ez zen itotako seigarrenaren berri izan. Ordura arte pentsatzen zen bost zirela itotakoak. Horren froga da hurrengo eguneko egunkarietan bost aipatzen direla. Manuel Martijarena ez zen jakin gauera arte.

Hori nola izan zen?

Javier Carballo: Manuel Martijaren anaia, Patxi, harekin omen zegoen barran. Baina beraiekin aurreraino joateko oraindik haurregia zela eta, barraren hasieran gelditzeko esan zion Manuelek. Patxik ikusi zuen gertatutakoa, anaia uretara bota zuela olatuak. Eskolara bueltatu zen, baina han ez zuen ezer esan, ikusitakoarekin erabat jota. Arrebetako bat eskolara joan zen galdetzera bi anaiak han ote zeuden, eta norbaitek erantzun omen zion baietz, biak zeudela. Baina Manuel falta zen. Eskola amaituta, Patxi aitarengana joan zen, baratzera. “Anaia non duk?”, galdetu zion aitak. Orduan jakin zen.

Victor Zubizarreta: Hurrengo eguneko egunkaria aipatu dudala… Nik garai hartan La Voz de España banatzen nuen. Lehen trenean jaso eta etxez etxe banatzen nuen. Sekula ahaztuko ez zaidana da goiz hartan egunkaria jaso eta azalean bost lagunen argazkiak ikustea. 13 urterekin.

Lehen gorpua, astebetera

Desagertutakoen lehen gorpua agertzerako ia astebete pasa zen. Azkena, ia hilabetera azaldu zen, eta Pedro Mari Garcia Sevillanorena ez zen sekula aurkitu. Horrek izugarri luzatuko zuen sufrimendua…

Javier Carballo: Kolpe handia izan zen herriarentzat. Ikaragarria. Bat-batean sei haur horrela galtzea… Gogoan ditut jendearen eta, batez ere, senideen joan-etorriak barrara, gorpuren bat agertuko ote zen esperantzarekin.

Niri buruan gelditu zaidan beste irudi bat da hurrengo gauetakoa. Hasi Orroagan, Santiagon, Parolpean eta Katuplazaraino, argitxoen erromesaldia ikusten zen. Kandilak hartu eta gorpuen bila zebilen jendea zen. Irudi hura ikaragarria zen. Gauez ibiltzen ziren, itsasbehera aprobetxatzeko. Akordatzen naiz koadrilak zebiltzala haitzetan, gorpuen bila. Joakin Zubeldia ordurako Zumaian bizi zen, eta hura oso trebea zen haitzetan atzera eta aurrera…

Eta badaukat oso barruan gordeta egun haietako beste une bat. Istripuaren ondorengo lehen gau hartan, denok lur jota geunden etxean. Anaia, ama eta ni neu. Baina aita falta. Parolaren behealdean zegoen tailer txikian zegoen. Amak esan zidan deitzera joateko, afaltzeko ordua zela eta. Aita lanean ari zen, tutu batzuekin eta alanbre zati batzuekin. Txamarta handi batzuk prestatzen ari zen [arrantzan erabiltzen den kako askoko amua]. “Zertan ari zara?”, galdetu nion. “Zerraldoak agertzen hasiko dira pixkanaka, eta haitzetatik atera ahal izateko”. Txamarta haietako batekin atera genuen, egun batzuk geroago, Parolpeko igerilekuan agertu zena.

Jesus Mari Arano: Lehen gorpuak agertu zirenean Augusto eta biok hilerrira joan ginen. Gorpuak han zeuden, eta ikustera. Ea norbait ezagutzen ote genuen. Guk ikusitakoak, behintzat, ez zuen ez bururik, ez eskurik, arroparik ere ez…

Handik urte batzuetara, Luis del Olmo kazetariaren deia jaso zuen Rudi Holkek. Jose Maria Domingo Regaladorekin, berak salbatutako gaztearekin, irratian zuzenean hitz egiteko aukera eskaini zion. Rudi Holkek ez zuen Domingoren berririk izan urtetan, eta ilusioa egin zion.

Rudi Holke: Donostiako estudiora eraman ninduten. Kaskoak jantzi eta Del Olmo hasi zitzaidan hitz egiten. Gertaeraz galdetu zidan, eta ondoren Dominguin-ekin hitz egiteko aukera izan nuen. Hura Sestaora ezkondu zen eta hango labe garaietan egiten zuen lan. Lau hitz egin genituen, oso lotsatuta zegoen. Gabonetan zorion gutun bat bidaltzeko eskatu nion eta horrekin gustura gelditu zen. Esan beharra daukat istripuaren ondoren bere aitarekin etorri zela etxera eskerrak ematera. Orduan nire aitak lantokian ikasteko aukera eskaini zion, eta han egin zituen hilabete batzuk. Zoritxarrez, nahikoa gazte hil zen [1980ko azaroaren 24an].

50 urte pasa eta gero

Javier Carballo: Askotan galdetu izan didate, ezin ote zen zerbait gehiago egin… Azaroa zen. Hotz egiten zuen. Gazteak arropa astunekin. Ura, hotza. Ezustean, uretara… Ez zuten beren borondatez salto egin… Kolpeak. Trauma izugarria. Olatuen menpe. Zer egin ez zekitela… Azken hori oso garrantzitsua da niretzat.

Handik urte mordoxkara, behin barran paseatzen nenbilela, gaztetxo batekin egin nuen topo. Bera baino handiagoa zen surfeko taularekin zihoan barra puntara. Olatu handiak zeuden orduan ere. Nik, harrituta, nora ote zihoan galdetu nion. “Olatuetara”, erantzun zidan, lasai asko. Hori da historia. Munduak aurrera egin du. Gazte haiek gaurko surflarien esperientzia izan balute, agian salbatzeko aukeraren bat izango zuten.

Hildakoak

Jaxinto Agirrezabalaga Arregi

(Zumaia, 1947-1960)

Nicolas Agirrezabalaga Eizagirre eta Francisca Arregi Ucin bikotearen semea, lau seme-alabatatik gazteena. Bere gorpua izan zen agertzen lehena, azaroaren 21ean, Balenciagaren ontzitegian.

Inaxio Atxega Agirre

(Itziarko Santuarangoikoa baserrikoa, 1945-1960)

Victor Atxega Loiola eta Josefa Agirre Aizpuruaren semea. Zazpi anai-arrebatatik hirugarrena zen Inazio. Azaroaren 25ean aurkitu zuten bere gorpua.

Pedro Mari Garcia Aristondo

(Castilleja de la Cuesta –Sevilla–, 1945-1960). Pedro Garcia Martinez eta Maria Antonia Aristondo Alzibarren semea. Senar emazteak hiru umerekin etorri ziren Zumaiara 1959an, Villa Luz etxearen atezaintzaz arduratzeko. Pedro Mari zen anaietako zaharrena. Berea da agertu ez zen gorpu bakarra.

Manuel Martija Manzisidor

(Zumaia, 1947-1960)

Rafael Martija Egaña eta Maria Manzisidor Urbietaren semea. Bost semeetatik bigarrena zen Manuel. Manuel olatuak eramanda hil zela ez zuten jakin gauera arte. Bere gorpua azaroaren 24an agertu zen, Parolpeko igerilekuan.

Tomas Mendizabal Etxabe

(Zumaia, 1946-1960)

Alberto Mendizabal Alzelai eta Cecilia Etxabe Arakistainen lau semeetatik gazteena. Bere gorpua abenduaren 3an aurkitu zuten.

Manuel Victor Urbieta Arrizabalaga

(Zumaia, 1945-1960)

Manuel Urbieta Manzisidor eta Pepita Arrizabalaga Etxaberen semea. Hiru seme-alabetan bigarrena zen. Manuel Martijaren lehengusua zen, eta Tomas Mendizabalen lagun mina. Bere gorpua agertu zen azkena, abenduaren 7an, istripua gertatu eta ia hilabetera. Portutxikin aurkitu zuten, Arranaitz eta tunelaren artean.