60 urte, baina oraindik bizirik zumaiarren memorian

1960ko azaroaren 15ean sei gazte hil ziren Zumaiako barran, olatu batek eramanda. Gertaera horren 60. urteurrena beteko da igande honetan. Horren harira, istripua gogoratzen duen mosaikoa berritzen ari dira, eta zendutako gazteen izena daraman plaka jarri dute artelanaren ondoan. Bestalde, gertaera horren inguruko dokumentala erakutsiko da datozen bi asteburuetan.

1960Ko azaroaren 15a zen, eta gazte talde bat, beste hainbat zumaiar bezala, Begoña zamaontzia brankatik nola ateratzen zen begira ari zen Paolbidean. Barkua nekez ari zen handik atera nahian, olatuen artean, eta bat-batean, olatu handi batek barra jo eta zazpi ikasle eraman zituen. Horietako bakarra salbatu ahal izan zuten.

12 eta 15 urte bitartean zituzten guztiek, eta ordu horretan klaserik ez zutela aprobetxatuta gerturatu ziren Begoña baporearen ikuskizuna ikustera. Gertaera tragiko haren ostean, hainbat herritarrek Junta de Salvamento 15 de noviembre sortu zuten, ondoren Gurutze Gorrian sartu zena.

Gertaera horren 60. urteurrena betetzen da igandean, eta zenbait herritarrek hala eskatuta, oroitzapen ekitaldiak egingo dira. Herriko historiko pasarte hau belaunaldi berriei azaltzea da helburuetako bat, eta garai hartako Zumaia nolakoa zen ezagutaraztea bestea. Bi ekintza egingo dira: batetik, barran dagoen mosaikoa berritu eta haren ondoan plaka bat jarri dute; bestetik, dokumental bat grabatu dute, eta Aita Mari zinean erakutsiko da.

Istripua gertatu eta egun gutxira Antonio Aparisi Obra Sindical de Formación Profesional-en arduradunak [eskola horretan ikasten zuten olatuak eramandako gazteek] Vicente Rodillari artistari enkargatu zion La ola (Olatua) lana, eta 1961eko azaroaren 17tik dago Zumaiako barraren zati zaharrean.

2009tik aurrera Nacentak hainbat zaharberritze lan egin dizkio irudiari, eta orain berriz konpondu ditu kresalak, denborak eta aurretik barran egindako lanek sortutako kalteak. Zehazki honako lanak egiten ari da Nacenta: piezak berriro batzea, euskarria finkatuz; oxidazioa kentzea; teselak jartzea falta ziren lekuetan; salitre inkrustatuaren garbiketa orokorra; letren konponketa; eta azken babesa ematea.

Halaber, 60. urteurrenean plaka berri bat jarri du Udalak, Zumaiako herriaren oroimen ikur moduan. Plaka horretan gazteen izenak idatzi dituzte, eta baita gertaeraren ondorioz Basarrik idatzitako sei bertsoetatik bat.

‘Azaroak 15, itsasoak utzia’ dokumentala

Igandean, berriz, hilaren 15ean, Azaroak 15, itsasoak utzia dokumentala estreinatuko da Aita Mari zinean egingo den ekitaldian. 18:00etan hasiko da saioa. Ekitaldi itxia izango da, eta bertan izango dira 1960an senide eta lagunak galdu zituzten zumaiarrak. Dokumentala datorren astean ikusi ahal izango dute gainontzeko zumaiarrek.

Dokumentalean Bittor Zubizarreta, Javier Carballo, Rudy Holke, Jesus Mari Arano, Iñaki Zorita, Natividad Urbieta eta Ixiar eta Francisca Martija elkarrizketatu dituzte, gertaera horren sortu zizkien bizipenen inguruan. Gertaeraren ostean sortutako Junta de Salvamento 15 de noviembre salbamentu-taldearen inguruan ere hitz egin dute dokumentalean, eta garai hartako Zumaia gertutik ezagutzeko aukera ematen du.

Zumaiako Udalaren enkarguz egin da ikus-entzunezkoa. Dokumentala Iñaki Agirrezabalaga zumaiarrak zuzendu du, eta Olatz Ovejero izan du zuzendari laguntzaile laneatan. Imanol Azkuek egin du gidoia, eta Kandido Urangak jarri dio ahotsa narrazioari.  Argazki zuzendaria Iñaki Agirrezabalaga bera izan da, ilustrazioak Sebastian Cruzek egin ditu, eta soinuaren arduraduna Fabio de las Morenas izan da. 

Igandeko ekitaldian erakutsiko da lehenbizikoz, baina ondoren beste emanaldi bat izango da, azaroaren 22an, igandea, 13:00etan Aita Mari zinean. Ekitaldi horretarako gonbidapenak azaroaren 17tik aurrera izango dira eskuragarri turismo bulegoan.