Obeditzeaz eta ez obeditzeaz

Ihintza Elustondo 2020ko aza. 12a, 18:14
'Antigone edo ezetzaren beharra' antzezlaneko une bat. (Horman Poster)

Horman Poster kolektiboak ‘Antigone edo ezetzaren beharra’ antzezlana taularatuko du bihar, Azpeitian (19:30). ‘Antigona’ tragedia klasikoaren bertsio librea egin dute, lehen aldiz euskaraz, eta bertako aktoreetako bat da Maite Aizpurua (Zumaia, 1990).

Historian zehar gehien taularatu den tragedia klasikoa da Sofoklesen Antigona, baina, padaroxikoki, sekula inork ez du antzeztu euskaraz modu profesional batean. Horman Poster kolektiboa ausartu da pauso hori ematera: tragedia klasikoa eta haren hainbat bertsio oinarri hartuta, antzezlanaren bertsio librea osatu dute. Antigone edo ezetzaren beharra da emaitza; Bilboko Arriagan estreinatu zuten azaroaren 5ean, eta Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan emango dute bihar. Soreasu antzokian ikusi ahal izango da, 19:30ean.

Igor de Quadraren zuzendaritzapean, Xanti Agirrezabala, Maite Aizpurua (Zumaia, 1990), Jon Ander Urresti eta Matxalen de Pedro interpreteak ariko dira antzezlana gorpuzten. Obraren muina zein den azaldu du Xanti Agirrezabala azpeitiarrak: “Desobedientziaz hitz egiten du. Zehazki, Tebas erreinuko desobedientzia kasu bat kontatzen du. Lege bidegabe bat obeditu edo ez obeditu; hor dago gatazka”.

Duela 2.400 urte inguru, Grezian idatzitako antzezlana da Antigona, eta aspaldiko kontakizuna izanagatik, gaur egungo gizarteak bizi duen egoerarekin ondo ezkontzen dela uste dute aktoreek. Sortzaileen arabera, "maite dugun jendearen inguruko otoitza da gatazkaren oinarria; familiaren lurperaketaren inguruko gatazka batez hitz egiten du obrak. COVID-19ak eragindako pandemiaren aurretik hasi ginen lanean, baina bat-batean, osasun larrialdia iritsi zenean, zentzu handiagoa hartu zuen antzezlanak. Pandemiarekin, gugana etorri zen duela hainbeste urte idatzitako obra. Lege absurdoak, boterea, obedientzia, desobedientzia… Halako gaiak landu ditugu antzezlanean”.

Urte eta erdi eman du konpainiak obrari forma ematen, nahiz eta tartean geldialdi batzuk egin dituzten. Prozesu horretan, mito bilakatu den kontakizunaren barreneraino sartu eta “boterearen inguruko egungo gatazkak nahiz ikuskerak” aztertu dituzte. Bide horretan, testua lantzeaz gain, “lan fisiko eta plastiko handia” egin dutela azaldu dute parte hartzaileek. “Grezia zaharreko eskulturetan oinarritutako gorpuzkerak landu ditugu, lan bisual handia egin dugu, eta emaitza ere oso bisuala da”.

Sortzaileek adierazi dutenez, ez dute errespetatu antzerkiaren ohiko moldea, pertsonaiei dagokienez: hau da, aktore bakoitzak ez du gorpuztuko pertsonaia bat. “Hasieran, gu ez gara pertsonaiak. Txikizio bat gorpuzten du agertokiak, aztarnaz eta eraikin baten hondarrez irudikatuta, eta gu ere nolabait fosil horien parte gara. Gero, pixkanaka-pixkanaka, aktore bakoitza rol bat garatzen joango da; Antigona, Ismene, Polinices eta Creonte bilakatuko gara”.

Kolektiboaren parte

Horman Poster kolektiboak hamar urte daramatza arte eszenikoen munduan lanean. Igor de Quadrak eta Matxalen de Pedrok sortu zuten kolektiboa Bilbon, eta Maite Aizpurua, Jon Ander Urresti eta Xanti Agirrezabala batu dira orain taldera. Dantzerti goi mailako dantza eta antzerki eskolako lehen promozioko ikasle izan ziren azken hirurak, eta bertan ezagutu zuten de Pedro, haien irakasle izan zelako. “Harreman ona egin genuen, eta kezka eszeniko, estetiko eta artistiko berak genituen. Elkarrekin lan egiteko grina piztu zitzaigun, eta zer egin genezakeen pentsatzen hasi ginen. Ondoren etorri zen Antigone edo ezetzaren beharra“.

Arriagako estreinaldiak “oso harrera ona” izan zuen. “Jende ugari joan zen, eta gustura gaude. Ikusleek kontentu ziruditen, eta kritika onak jaso ditugu”. Orain, antzezlana etxean aurkezteko “gogotsu” daude taldeko kideak.