Positiboek beherantz jarraitzen dute Zumaian: bi kasu atzeman ditu Osasun Sailak

Anartz Izagirre 2020ko aza. 12a, 13:41

Beste 47 kasu hauteman dituzte eskualdeko herrietan, atzo baino sei gutxiago. Herri gehienetan behera egin du positibo berrien kopuruak: Zumaian bi kasu zenbatu zituzten atzo. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan igo egin da positibo kopurua, test gutxiago egin dituzten arren.

Eusko Jaurlaritzak plazaratu ditu dagoeneko atzoko PCR proben eta test antigenoen emaitzak, eta positiboen kopuruak altua izaten jarraitzen du hiru lurraldeetan. Urola Kostan zertxobait behera egin du positiboen kopuruak; izan ere, herenegun 53 positibo zenbatu zituzten eskualdeko herrietan, eta 47 izan ziren atzo. Kasurik gehien Azpeitian atzeman zituzten atzo; hemezortzi, hain zuzen ere —herenegun 11 zenbatu zituzten—. Hori dela eta, 1.315,18ko intzidentzia tasa du orain Azpeitiak.

Bestalde, Aia izan da eskualdean positiboen igoera izan duen beste herrietako bat; izan ere, egunak zeramatzaten herri horretan positibo berririk gabe, baina atzo hiru kasu berri hauteman zituen Osasun Sailak. Horren ondorioz, 100.000 biztanleko hamalau eguneko 700,70eko intzentzia tasa du Aiak, nahiz eta 5.000 biztanleko herria izateagatik semaforo gorrian ez dagoen.

Gainontzeko herrietan positiboek apaltzeko joera erakutsi dute. Zumaian, esaterako, bi kasu berri zenbatu zituzten atzo —herenegun zortzi izan ziren—, eta azken egunetako daturik onena erregistratu zuten bertan, nahiz eta oraindik ere intzidentzia tasa oso altua izan: 1.048,35ekoa. Eskualdeko beste herrietan honakoa izan da PCR probetan eta test antigenoetan positibo eman dutenen kopurua: Zarautzen bederatzi, Azkoitian sei, Orion lau Zestoan hiru eta Errezilen nahiz Getarian kasu bana. Herri horietan guztietan herenegun baino positibo gutxiago zenbatu dituzte —Errezil da salbuespena, kasu bat gehiago zenbatu dute han—, baina intzidentzia tasa 500dik gorakoa da denetan. Aizarnazabal eta Beizama dira atzo kasurik zenbatu ez zuten eskualdeko herri bakarrak.

Proba gutxiago, positibo gehiago

Osasun neurri berrien eragina oraindik ere ez da islatu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak 16.338 PCR proba eta test antigeno egin zituen atzo —herenegun 17.890 izan ziren—, eta 1.409 izan ziren probetan positibo eman zuten herritarrak; hau da, positiboen ehunekoa herenegun baino altuagoa izan zen atzo, %8,6koa, hain justu. Lurraldez lurralde Bizkaian atzeman zituzten positibo gehien (663); ondoren, Gipuzkoan (601); eta azkenik, Araban (126). Hiru lurralde hauetatik kanpo bizi diren beste hemeretzi pertsonak ere eman zuten positibo.

Bestalde, ospitaleratutako erien datuak kezkagarria izaten jarraitzen du; 496 pertsona daude Osakidetzako erietxeetan, eta atzo 73 pertsona ospitaleratu zituzten. ZIUn, berriz, 132 pertsona daude hiru lurraldeetan.

Nafarroan, aldiz, apurka-apurka jaisten ari da positiboen tasa; %5,9 izan zen atzo, herenegun baino puntu bat gutxiago. Positiboen kasuek ere behera egin dute lurralde horretan, eta Osasunbideak adierazi duenez, Nafarroan atzo egin ziren 3.918 PCR probetatik eta test antigenoetatik 233 izan ziren positibo eman zutenak, herenegun baino bederatzi gutxiago.